
Zilar gainurreztatua eta esmalteak. 93 x Ř oina 35 cm.
Markak: herriarena: Mexiko (o/M koroatua, gainean gizonezkoaren buru bat Herkulesen zutabeen artean duena)
Barrokoa. Klasizista. 1660-1670
Inbentario zk.: 459
Museoko zilargintzako bildumako piezarik bikainenetako bat da prozesio kustodia arkitektoniko hau. Landareak eta esmalteak erabili ditu apaingarri moduan, bai eta eskultura bikain galdatuak ere.
Tenplete azpian babestutako oina eta edukiontzia ditu. Oina mistilineoa eta gurutze formakoa da eta bi mailatan bereizita dago. Behe maila laua da eta aingerutxoen buruak, “ces” delakoak eta ebanjelarien irudiak dituzten hainbat medailoi bikain erabili dira apaintzeko. Horren gainean elementu bozeldu bat dago, eta saihets lau batek lau eremutan bereizten du. Eremu bakoitzean kerubin hegaldunak, “ces” delakoak eta urdin eta berde koloreko esmalte obaloak erabili dira. Perlen zerrenda bat dago, XVII. mendeko arte novohispanoan erabiltzen zen moduan, eta bertatik irteten da astila. Goitik behera gollete zilindriko bat, korapilo aobatu bat eta pitxer bat ditu, guztia esmalteekin eta kerubinen buruen esmalteekin apainduta.
Ilargitxoa gurutze formako tenplete batean dago. Lau zutabe bikote toskanoek osatzen dute eta behealdean esmaltezko plaka txikiak dituzte apaingarri moduan eta aingerutxoen buruen gainean daude jarrita. Zutabe bikote bakoitzaren artean hainbat irudi galdatu ikus daitezke: Moises, David, behar bada Melquisedec apaiza eta San Frantzisko. Itun Zaharreko pertsonaiak dira guztiak, azkena izan ezik. Azken hori, halaber, zertxobait txikiagoa da, hortaz, baliteke kupulako Itun Zaharreko beste pertsonaia batengandik trukatuta egotea.
Kustodia hau prozesioetan erabiltzeko diseinatu zen, eta azpialdean ere apainduta dago. Azpialde horretan daude esmalte obal ikusgarrienak. Edukiontzia zirkularra da eta izpi zuzenek eta bihurriek osatutako izpi bolada bat ikus daiteke. Uztai eta botoi esmaltatuak dituen pieza zilindriko baten gainean dago, ziri eta mahatsondoen bidezko apaingarriak ditu ertzean eta bukaeran erronbo sekziozko gurutze bat dago. Tenpletearen barruko ganga ere oso aberatsa da. Lauki klasizistak ditu eta erdian Espiritu Santuaren uxoa irudikatzen duen medailoi bat dago.
Gainean linterna zirkular bat dago. San Luisen irudi galdatua babesten du eta San Luis Potosí katedralari (Mexiko) erreferentzia zuzena egiten dio. Kapa bat, zetro bat eta koroa ditu. Gurutze forma du oinarriak eta inguruan zortzi erremate balaustratu eta lau iruditxo galdatu ditu. Azken horiek ere ondo landu dira eta San Pedro, San Pablo, nor den ez dakigun Santu bat eta Apaiz Gorena irudikatzen dituzte (baliteke Abraham izatea; Melquisedec-ekin batera Eukaristiaren sinboloak dira). Azken irudia handiagoa da, eta lehen esandakoa gogora ekarriz, baliteke kanpoan egotea lehenago. Linterna ixteko kupula bat dago. Saihetsek zatitzen dute kupula eta esmaltezko obaloz apainduta dago. Guztiaren gainean gurutze bat dago. Barruan botoi handi bat ikus daiteke, erdian, esmaltezkoa.
Barriok, Cruz Valdovinosek eta Esterasek esandakoa gogora ekarriz, XVI. mendearen amaieran Gaztelan eta Madrilen egiten ziren kustodien egitura, apaingarriak eta teknika errepikatzen badira ere, 1660 eta 1670 urteen artean Mexikon egindako pieza bat da. Hain zuzen, oinean markaketa topografikoa erakusten du, eta tenpletea, linterna, ilargitxoa eta izpiak Mexikoko puntzoiarekin landu dira (o/O koroatua, Herkulesen burua zutabeen artean dagoelarik). Tamalez, piezaren egileak ez zuen markarik utzi, eta piezaren kalitate bikaina dela eta egilearen izena jakitea gustatuko litzaiguke.
Edozein kasutan, Mexikoko hiriburuko zilargin bat izan zen, Potosí udalerrian ez baitzegoen kontrastetzailerik. Eta litekeena da tenplu baten omenez egitea (tenplu hori katedral bihurtu zuten beranduago). Beranduago, XVIII. mendean, beste kustodia bat erabiltzen hasi ziren eta José de Apraiz y Arrospide infanteriako kapitainak erosi zuen. Busturian jaioa zen eta Mexikon bizi zen eta Busturiako parrokiara bidali zuen.
