ELEIZ MUSEOA. BIZKAIA - Museo Diocesano de Arte Sacro
Gure aukera
aurrekoa
hurrengoa

208. INTSENTSU ONTZIA

Bilbo. Santiago katedrala

Zilarra bere kolorean. Altuera 24,5, Ø oina 10, 13,5 cm.

Markak: herria: Bilbo (San Anton eliza eta zubia eta B bat); giltza gurutzatuak eta txirla.

Gotikoaren amaiera. 1525 ingurukoa

Inbentario zk.: 1102

Liturgiako elementu hau elizaren hastapenetatik erabiltzen da. Kate txikiak eta estalkia dituen sutontzi txiki bat da eta bertan erretzen da intsentsua. Landare bursenazeotatik lortutako substantzia aromatiko erretxinaduna da intsentsua eta erretzen denean ospakizun erlijiosoetan lurrin moduan erabiltzen da. Intsentsua ematen da Ebanjelioen liburuan, aldarean, herritarren artean, apaizen artean, ogia eta ardoarekin, eta Jainkoari gurtzeko eta eskaintza egiteko egiten da (“Irits dadin nire otoitza zuregana intsentsuaren antzera (140 salmoa,2).

Intsentsu ontzien formak une bakoitzeko gustu estetikoen arabera aldatu ziren. Erromanikoaren garaian forma esferikoak aukeratu ziren bitartean, gotikoan forma arkitektonikoak lehenetsi ziren, Bilboko katedraleko pieza honetan ikusiko dugun moduan.

Oinarri laua du eta sei lobulutan egituratuta dago; oinarritik moldura hexagonal bat irteten da eta horren gainean jartzen da sutontzi erdiesferikoa. Sutontzia, bestalde, zirkulu erdiekin apainduta dago eta zirkulu erdien barruan harlanduen imitazioak ikus daitezke. Oskol itxi antzeko horren gainean dago ke gorputza, hau ere arkitektonikoki landua eta hexagonala, eta bi altueretan banatuta dago. Behealdean sei leihate bordatu ikus daitezke jarraian, trazeriekin eta arrosa leihoekin, eta floroiak dituzten konopiak daude alboetara. Goiko aldean, behetik gora estutzen den zatian, linterna itxi bat osatzen da, eta danborrean bordatu lanak ikus daitezke; leiho bikoitzak eta estalkia ditu linternak, piramidala da eta arrosa leihoak eta zulatutako atal landuak bereiz daitezke inguruan. Albo batean, dozena erdi kontraforte prismatiko bereiz daitezke, gorputzari indarra emanez; bordatu txikiak dituzte, estalki piramidala dute eta bola bat guztiaren gainean. Piezaren gainean sagar txiki leun bat ikus daiteke eta sagartxo horretatik kate bat irteten da. Kate hori ez da intsentsu ontziaren garai berekoa eta ez da garai berekoa, halaber, manipulua; zirkularra da azken hori eta txirlez osatutako bi lerrok apaintzen dute.

Oinaren barruan hiru marka ikus daitezke: herriari dagokiona (Bilbo, San Anton elizarekin eta zubiarekin eta eskuinean B hizkia ikus daitezke) eta beste bi, nahiz eta oraindik ez den ezagutzen beste bi marken esanahi zehatza; batek txirla bat du ezkutu batean eta besteak gurutzatuta dauden bi giltza irudikatzen ditu. Txirla kontuan hartuta, aspaldiko eliza santiagotarraren jabetzakoa dela pentsa daiteke, baina ez da antzeko markarik aurkitu katedraleko beste objektuetan eta, ondorioz, pentsa daiteke zilarginaren lanaren erakuslea dela. Horixe ondorioztatu da Lezamako kaliza batean aurkitutako antzeko zigiluarekin konparatuta; Juan de Larreak egin zuen 1530 inguruan. Gauza bera esan daiteke gurutzatuta dauden giltzekin. Barrón-ek adierazitakoaren arabera, litekeena da Pedro izeneko egile batek egin izana pieza hori, Pedro Escalante zena izan daiteke; aipatu egileak 1520 eta 1540 artean lan egin zuen, aurkitutako dokumentazioaren arabera. Hain zuzen, kasu askotan sinboloak erabiltzen ziren izenak beharrean –hiriburuko markatzaileek sarritan erabiltzen zituzten sinboloak–.

Edozein kasutan, bertako zilargintza gotikoaren piezarik aberatsenetako bat da honakoa eta garai hartako zilar produkzio bilbotarraren adibide osoa da. Garai berean eta tipologia berdinarekin landu ziren, halaber, Mendatan, Kortezubin eta Sopelan aurkitutako intsentsu ontziak, baina hiruak desagertuta daude. Errigoitiko intsentsu ontzia bakarrik kontserbatu da, eta, zalantzarik gabe, Bilboko intsentsu ontziak kalitate hobea du, hobeto landua dago eta litekeena da zaharragoa izatea.

INTSENTSU ONTZIA