






























Bilboko Eleiz Museoak 2.000 artelanetik gorako bilduma du gaur egun eta 500 inguru daude erakusketan. Kopuru hauek gora egiten dute etengabe, dohaintza eta gordailu berriei esker.
Artelan gehienak artistikoak dira, eta XII. eta XX. mendeen artekoak; dena dela, badago material arkeologikoren bat ere eta horietakoren batek III. menderaino atzera egiten laguntzen digu.
Erakusketa iraunkorra hiru atal nagusitan banatzen da: eskultura-margoa, urregintza eta eliz jantziak. Multzo horietako bakoitzean, piezak irizpide kronologiko-estilistikoaren arabera ordenatzen dira.
Artelan hauen kalitatea guztiz aipagarria da. Esate baterako, urregintzari eskainitako aretoan Europako bildumarik onenetarikoa dago. Beste gela batean, hamahiru alabastro gotiko ingeles –Espainia osoan ikusgai dagoen bildumarik ugariena- ikus daitezke. Harantzago, Kristoren bizitzari buruzko hamabost margolan, barrokoko margolaririk garrantzitsuenetakoa izan zen Lucas Jordán napolitarraren tailerrean egindakoak. Ondoan, Salvador Bofill bartzelonarraren klabezinak mundu guztiko musikariak erakarri ditu Museora. Beaugranten, Mignarden, La Roldanaren, Carmonaren, Carniceroren edo Pareten lanak –Prado, Louvre, National Gallery… museoetan erakusketa zabala dute- kontenplatu ondoren, gaur egungo eliz arteari eskainitako gelan XX. mendeko artista esanguratsuen artelanak –esate baterako, Quintín de Torre, Asorey, Basiano, López Villaseñor, Larrea,…- aurkituko ditugu.