Done Jakue Apostolua (Aldaka (Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz))

Done Jakue izenpeko ermita, ingurune paregabe batean.

Kronologia: XIX. mendea
Estiloa:    Neoklasizismoa
Udala:    Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz
Auzoa:    Aldaka
Koordenatuak: 43.267902,-2.605253

Ermita guztiak
DEITURA

Jakue, Iago, Jagoba… halako izenez ezagutzen dugu Done Jakue Apostolua. Aramerazko izena  Yaakov Bar-Zebdi zuen; hau da, Jakue, Zebedeoren semea, ebanjelioak aipatzen duen moduan. Joanes ebanjelariaren anaia nagusia zen eta Jesus Nazaretekoaren hamabi dizipuluetako bat izan zen. Erdi Aroko usadio baten arabera, 33. urtea aldera, Mendekoste egunean, Jesusek apostoluak mundo osoan zehar predikatzera bidali zituenean, Mediterraneo itsasoa gurutzatu eta Espainian lehorreratu zen Jakue, Ebanjelioaren berri emateko asmotan. Zaragozan Andra Maria agertu zitzaion, zutabe baten gainean (Pilareko Andra Maria), eta bere aldera itzultzeko eskatu zion, laster hilko baitzen Maria. Orduan, Done Jakue Jerusalemera itzuli zen; han Herodes Agripa I.k martirizatu zuen, 43. urtea aldera. Kondairak dioenez, Jakueren gorpua Galiziaraino harrizko txalupa batez heldu zen; orduan, bere dizipuluek Iria Flavian (egun Compostelako Done Jakue hirian) lurperatu zuten. Teodomiro gotzainak IX. mendean hor aurkitu zuen. Garai hartan hasi ziren erromesak apostoluaren hilobira joaten eta, beraz, Donejakue bidea deritzona sortu zen. Eliza Katolikoak Jakue iberiar penintsulan egotea sinesgaitza dela onartu arren, usadio horri ekiten dio gaur egun ere.

OHITURA ETA ERRITUAK

Done Jakueren egunean, uztailak 25, meza ematen da; hor ardoa eta gailetak banatzen dira joandakoen artean. Ermitak oso lotura estua omen du Donejakue bidearekiko: antza denez, bidearen Bizkaiko adar horretatik Compostelara joaten ziren erromesek hor babesten ziren.

ERAIKINA

XIX. mendean berregin zuten gaur egungo eraikina. Horrela adierazten du nekez irakurtzen den inskripzioak, ur bedeinkatutarako ontziaren gainean dagoenak: “ESTA ERMITA SE REEDIFICÓ A EXPENSAS…/ FRANCISCO DE…” (“Francisco…-ren kontura eraiki zen ermita hau”). Aldakako auzokoek, ermitako kofradia osatzen dutenek, 1978. urtean zaharberritu zuten. Aldaka auzoaren erdi-erdian dago herriko ermita txikia. Oinplano angeluzuzena, bi isurkiko estalpea eta harlangaitz-hormak dauzka. Iparraldean harrizko bermeen eta zurezko zutikoen gainean datzan ataria dago. Harrizko hormatxoak ditu atariak eta horren barruan  ur bedeinkatutarako ontzia dago. Ermitako kanpoko aldean, harlanduzko laneko bost ostiko daude, oso handiak: hiru hegoaldeko horman eta bi iparraldekoan. Harrizko ganga bati eusteko eraikin zituzten; hala ere, ez zuten harrizko estalpe osoa eraiki, aldare aldean dagoen kanoi-formako ganga labur bat baino. Beraz, begi-bistan dagoen teilatu-zuraje batek estaltzen du ermitako gainerakoa.

Nekez irakurtzen den inskripzio batek, ur bedeinkatutarako ontziaren gainean dagoenak, ermita XIX. mendean berregin zutela adierazten du.
Done Jakue Apostolua
Nekez irakurtzen den inskripzio batek, ur bedeinkatutarako ontziaren gainean dagoenak, ermita XIX. mendean berregin zutela adierazten du.
Ermitako iparraldean egurrezko atari bat dago.
Done Jakue Apostolua
Ermitako iparraldean egurrezko atari bat dago.
Harlanduzko laneko bost ostiko eraikin zuten, harrizko ganga bati eusteko
Done Jakue Apostolua
Harlanduzko laneko bost ostiko eraikin zuten, harrizko ganga bati eusteko
Ez zuten harrizko estalpe osoa eraiki, aldare aldean dagoen kanoi-formako ganga labur bat baino.
Done Jakue Apostolua
Ez zuten harrizko estalpe osoa eraiki, aldare aldean dagoen kanoi-formako ganga labur bat baino.

HORNIDURA

Kristo gurutziltzatuaren irudia dago burualdean, XVI. mendeko tailuen itxura duena. Done Jakue Apostoluaren egunean, irudiak daramatzate ermitara, elizkizunen buru izateko. Aldarean, Done Jakue Erromesaren zurezko irudi koloreaniztuna egoten da, erromesaren itxura duena; gotikoaren bukaerakoa da, XVI. mendearen hasierakoa. Bere alboan, Ama Birjinaren irudia egoten da, koroatua, Sortzez Garbiaren eta Arrosariko Andra Mariaren ikurrak nahasten dituena, Haurra besoetan daramalarik; erromanista estilokoa da, XVI. mendearen bukaerakoa.

Kristo gurutziltzatuaren irudia dago ermitaren burualdean.
Done Jakue Apostolua
Kristo gurutziltzatuaren irudia dago ermitaren burualdean.
Done Jakue Erromesaren irudia, gotikoaren bukaerakoa.
Done Jakue Apostolua
Done Jakue Erromesaren irudia, gotikoaren bukaerakoa.
Andra Mariaren irudia, koroatua, Sortzez Garbia eta Arrosariko Andra Mariaren ikurrak nahasten dituena.
Done Jakue Apostolua
Andra Mariaren irudia, koroatua, Sortzez Garbia eta Arrosariko Andra Mariaren ikurrak nahasten dituena.