Andra Maria Magdalena (Zeinka-Zearregi (Ziortza-Bolibar))

Zeinka auzotik, Andra Maria Magdalenak Murelagako (Aulesti) Santa Eufemiari egiten dio so.

Kronologia:  XV. mendea (1500 aldera)
Estiloa: Gotikoa
Udala: Ziortza-Bolibar
Auzoa: Zeinka-Zearregi
Koordenatuak: 43.257526,-2.55605

Ermita guztiak
DEITURA

Oso antzina da Andra Maria Magdalenarekiko kultua; izan ere, betidanik beneratu ditu elizak Jesusengandik gertu egon zirenak. Andra Maria Magdalenaren izenpean, ebanjelioak aipatzen dituzten hiru pertsonaia hauek nahastu ohi dira: Maria Betaniakoa, Lazaroren arreba, bere hitzei adi egoteagatik Jesusek goretsi zuena, Martak –Mariaren ahizpak– etxeko lanak egiteari ekiten zion artean; gurutzean hil baino egun batzuk aurrerago adatsarekin Jesusen oinak garbitu eta xukatu zituen emakume bekataria; eta Magdala herrixkako Maria, Andra Maria Magdalena bera, ermitako patroia.

Ebanjelioaren arabera, predikatu bitartean Jesus lagundu zioten emakumeen buru izan zen Maria Magdalena. Ebanjelari bik diotenez, Jesusek zazpi deabru aterarazi zituen Magdalenaren gorputzetik; usadioak sexu-bekatutzat hartu ditu deabru horiek eta, ondorioz, Magdalena prostitutatzat jo ohi dute. Hala ere, ideia hori Batikanoko II. Kontziliotik aurrera baztertu du Eliza Katolikoak. Ebanjelioko beste pasarte batzuen arabera, Magdalena Kalbario mendian egon zen, Ama Birjinaren alboan, Kristoren pasioan; era berean, Magdalenari agertu zitzaion Jesus lehenengo aldiz berpiztu ondoren.

OHITURA ETA ERRITUAK

Antzina, Andra Maria Magdalenaren egunean, uztailak 22, arrosarioa otoizten zuten urtean zehar zendutako auzotarren arimengatik. Zeruratzearen (berrogei egun Pazko-domekaren ostean) aurreko martitzenean, letañak edo erreguteak egiten ziren; egun hartan ura bedeinkatzen zen, joandakoen artean banatzeko eta soroetan eta ortuetan ihinztatzeko.

Gaur egun,  Magdalenaren egunean meza ematen da eta erromeria egiten da. Hurrengo domekan, halaber, herriko jaia egiten da.

ERAIKINA

Ermita baserri-auzo batean dago; hortik, Murelagako (Aulesti) Santa Eufemia ermita ikusten da, Urregarai mendiaren tontorrean. Baselizaren atzeko aldean bolatokia dago; hor, erromeria egunetan, hiru txirlo deritzon bola-jokoan aritzen dira auzokoak.

Jatorriz, XVI. mendearen hasieran egin zuten eraikina. Harlangaitz-hormak, oinplano angeluzuzena, bi isurkiko estaldura eta ate bi ditu. Ate nagusiak erdi-puntuko arkua du bai eta zurezko zutiko edo zutabe handien gainean datzan atari berri bat ere.  Beste ateak, ermitako alde batean dagoenak, ojiba-arkua du. Eraikinaren barruan, aldare-buru, Andra Maria Magdalena irudia dago. XX. mendeko 80. hamarkadan erre egin zen ermita, eta 1990. hamarkadan berregin zuten.

Andra Maria Magdalena ermitatik Murelagako (Aulesti) Santa Eufemia baseliza ikusten da.
Andra Maria Magdalena
Andra Maria Magdalena ermitatik Murelagako (Aulesti) Santa Eufemia baseliza ikusten da.
Gaur egun ere, hiru txirlo deritzon bola-jokoan aritzen dira auzokoak erromeria egunetan.
Andra Maria Magdalena
Gaur egun ere, hiru txirlo deritzon bola-jokoan aritzen dira auzokoak erromeria egunetan.
Ate nagusiak erdi-puntuko arkua du
Andra Maria Magdalena
Ate nagusiak erdi-puntuko arkua du
Ermitako alde batean dagoen ateak ojiba-arkua du
Andra Maria Magdalena
Ermitako alde batean dagoen ateak ojiba-arkua du
Eraikinaren barruan, aldare buru, Andra Maria Magdalena irudia dago.
Andra Maria Magdalena
Eraikinaren barruan, aldare buru, Andra Maria Magdalena irudia dago.

HORNIDURA

Ermitak barroko estiloko erretaula zeukan, baina 80. hamarkadan gertatutako sutean kiskali zen; gaur egun, beraz, ez dira gelditzen hiru irudi baino. Ermitaren burualdean daude hiru irudiok, idulki gainean: Andra Maria Magdalena, erdian; San Ildefontso, ezkerretan; eta San Antonio Paduakoa, eskumatan.

Magdalenaren irudiak ile luzea dauka; eskuan lurrin-ontzia darama. Kristoren gorpua garbitzeko asmoz hilobira joan ziren hiru emakumeenetako bat izan zela adierazten du ontziak. Eskultura askotan berpintatu dute eta baliteke berzizelkatua izatea; dena den, XVIII. mendekoa omen da.

San Ildefontsoren eskulturak gotzain baten itxura du: mitra eta kasula gorriak jantzita, ezkerreko eskuan makila eta eskumakoan liburua darama.

Paduako San Antonioren margotu gabeko zurezko eskultura egin berria da. Ohiko eran irudikatu dute santua, Jesus Haurra besoetan daramalarik.

Andra Maria Magdalenaren irudia dago ermita buru.
Andra Maria Magdalena
Andra Maria Magdalenaren irudia dago ermita buru.
San Ildefontso, gotzain baten itxuraz
Andra Maria Magdalena
San Ildefontso, gotzain baten itxuraz
San Antonio Paduakoaren irudia, egin berria.
Andra Maria Magdalena
San Antonio Paduakoaren irudia, egin berria.