Santi Kurutz (Kristoa) (Aretxalde (Lezama))

Belauniko jarri, ibiltari hori, Santi Kurutz eta Kristoren aurrean!

Kronologia:    XVII. mendea
Estiloa:    Barrokoa
Udala:    Lezama
Auzoa:    Aretxalde
Koordenatuak:    43.276299,-2.84516

Ermita guztiak
DEITURA

Kristauen artean, irudirik garrantzitsuenetako bat da Kristo gurutziltzatuarena. Izan ere, kristau-ikasbideak dioenez, Kristoren gurutzeko heriotzaren bidez heltzen da salbamena eta bekatuen erredentzioa eta, beraz, betiko bizitza eskuratzea. Hori dela eta, gurutzearen sinboloa funtsezkoa da kristauentzat.

OHITURA ETA ERRITUAK

Santi Kurutzearen Goratzearen egunean, irailak 14, meza kantatua eman eta erromeria egiten da. Egun horretan, lignum crucis-en erlikia (Kristoren gurutzearen printza) ekartzen dute Lezamako parrokiatik, mezatara joandakoek muin egiteko. Antzina, prozesioa etortzen zen Lezamako parrokiatik, letaniak errezatuz, eta buelta ematen zen ermitaren inguruan.

Santi Kurutzearen Aurkikuntzaren egunean, maiatzak 3, meza ematen da. Antzina, erromeria ere egiten zen, baina ohitura hori galdu da.
Done Joanes Bataiatzailearen egunean ere, ekainak 24, meza ematen da.

Erramu-domekan gurutze-bidea egiten zen, parrokiatik ermitaraino. Ostera, prozesioa egiten zen, ermitatik parrokiaraino, eta Done Joanesen irudia eramaten zen parrokiara; hor lagatzen zen irudia Bariku Saindura arte. Egun horretan beste prozesio bat egiten zen eta ermitara eroaten zen santuaren irudia.

Lehorraldietan prozesioa egiten zen Lezamako parrokiatik ermitaraino, San Frantziskoren irudi bat eramanez eta letaniak errezatuz.
Antzina, ohikoa zen haurrak ermitara ekartzea, hitz egiten has zitezen.

ERAIKINA

Asua-Erletxeta errepidearen ondoan dago ermita, Lezamako bandokide-etxetik hurbil.

XVI. mendean ospitalea, serorategia eta ermita omen zeuden bertan, Juan Iñiguez Ojangutik fundatuak; hala eta guztiz ere, gaur egun dagoen ermita XVII. mendearen bigarren erdikoa da, Francisco de Elorriaga hargin-maisuak eraikia. Atzerritarrek gurutzearen aurrean errenditzea (hau da, belauniko jartzea) zen ermitaren helburua; hori dela eta, guruztokia dela adierazten du Lezamako parrokian dagoen dokumentazioa. Antzina, belauniko jartzea kristaua izateko seinalea zen (hau da, ez mairu, ez judu ez izateko seinalea), bai eta bake onean etortzeko seinalea. Hori dela eta, guruztoki izeneko ermita horiek herrien sarbidean bertan eraikitzen zituzten eta beren aurrealdeak oso irekiak izaten ziren, barruan dagoen kalbarioa erraz ikusteko.

Ermitaren aurrean Lezamako parrokiatik datorren gurutze-bidea bukatzen da. Ermitaren atzean Ermitoste izeneko etxe bat egon zen; XX. mendearen hasieran behin-behineko klausura-komentua izan zen etxe hori. Komentuko mojei toki bat gorde zieten ermitaren barruan, beren otoitz eta elizkizunak egin zitzaten. Ermitaren aurrean, Ermitaurre edo Seroretxe izeneko etxea zegoen, ospitale moduan funtzionatu zuena.

Ermitaren aurreko horma harlanduzkoa da; gainerakoak, ordea, harlangaitz-hormak dira. Hiru isurkiko teilatua dauka eta, barruan, ojiba-ganga. Aurrealdean hiru zutaberen gainean datzan atari zabala dago; burdin sare batek zarratzen du ataria, erdian Ama Birjinaren burdinazko irudia daukana. Kanpai-horma lirain batek errematatzen du eraikina.

Guruztokiaren aurrealdea oso irekia da, barruan dagoen kalbarioa erraz ikusteko.
Santi Kurutz (Kristoa)
Guruztokiaren aurrealdea oso irekia da, barruan dagoen kalbarioa erraz ikusteko.
Ermitaren aurrean Lezamako parrokiatik datorren gurutze-bidea bukatzen da.
Santi Kurutz (Kristoa)
Ermitaren aurrean Lezamako parrokiatik datorren gurutze-bidea bukatzen da.
Ermitaren atzean Ermitoste izeneko etxea zegoen, klausura-komentua izan zena; ermitaren aurrean, ostera, Ermitaurre edo Seroretxe izeneko antzinako ospitalea.
(Lezamako udala)
Santi Kurutz (Kristoa)
Ermitaren atzean Ermitoste izeneko etxea zegoen, klausura-komentua izan zena; ermitaren aurrean, ostera, Ermitaurre edo Seroretxe izeneko antzinako ospitalea. (Lezamako udala)
Ojiba-ganga batek osatzen du ermitaren estalpea.
Santi Kurutz (Kristoa)
Ojiba-ganga batek osatzen du ermitaren estalpea.
Ermitaren aurrealdean zutabeen gainean datzan ataria dago.
Santi Kurutz (Kristoa)
Ermitaren aurrealdean zutabeen gainean datzan ataria dago.
Ermita zarratzen duen burdin sarean Ama Birjinaren irudia dago.
Santi Kurutz (Kristoa)
Ermita zarratzen duen burdin sarean Ama Birjinaren irudia dago.
Kanpai-horma lirain batek errematatzen du ermita.
Santi Kurutz (Kristoa)
Kanpai-horma lirain batek errematatzen du ermita.
HORNIDURA

Erretaula barroko bat dago ermita buru, XVIII. mendearen bigarren erdikoa. Zurezkoa da eta pintatu gabe dago. Irudi nagusiek kalbarioa osatzen dute: Kristo gurutziltzatua eta, bere alboan, Ama Birjina eta Done Joanes Ebanjelaria. Erretaularen goiko aldean medailoia dago, San Josef eta Jesus Haurraren irudia daukana. Orain dela gutxi berriztatu dute erretaula osoa.

Mihise bik osatzen dute aldarea: San Domingoren eta San Frantzisko Asiskoaren irudiak dauzkate eta hondatu samar daude.

Ermita buru erretaula barroko bat dago.
Santi Kurutz (Kristoa)
Ermita buru erretaula barroko bat dago.
San Josef eta Jesus Haurraren irudia daukan medailoia, erretaularen goiko aldean dagoena
Santi Kurutz (Kristoa)
San Josef eta Jesus Haurraren irudia daukan medailoia, erretaularen goiko aldean dagoena
Santo Domingo
Santi Kurutz (Kristoa)
Santo Domingo
San Frantzisko Asiskoa
Santi Kurutz (Kristoa)
San Frantzisko Asiskoa