Santa Agata (Santa Agueda (Barakaldo))

Bizkaiko andrazkoek beneratutako emakume saindua daukagu zain ermitaren barruan.

Kronologia: XVI. mendea
Estiloa: Errenazimentua
Udala: Barakaldo
Auzoa: Santa Agueda
Koordenatuak: 43.25744,-2.980687

Ermita guztiak
DEITURA

Catanian (Sizilian) III. mendean jaiotako saindua, birjina eta martiria da Agata. Diotenez, neskatxa eder horrek uko egin zien Quintinianoren, Siziliako prokontsularen, faboreei. Hisiak jota, eta garai hartan Erromako agintariek kristauteria jazartzen zutela aprobetxatuz, prokontsulak Agata zigortu eta burdel batera bidali zuen. Gazteak, baina, birjintasuna gorde zuen mirariz. Are haserreago, Quintiniano neskatxa torturatzeko agindua eman zuen: bularrak mozteko eta, ostera, inork zauriak sendatu barik atxilotzeko ordenatu zuen. Hala ere, gau hartan Done Petri bera, gizon zahar baten itxuraz, agertu zen ziegan eta Agata sendatzeko miraria egin zuen. Azkenik, ikatz gori-gori gainera egotzi eta iraulkarazi zuten Catanian, eta hor hil zen neskatxa.

Emakumeen jagolea omen da Agata; hori dela eta, andrazkoek bere babesa eskatzen dute bular-, edoskitze- eta erditze-arazoen aurka. Oro har, saindu sendalaria dela uste da.

Euskal Herrian, berezitasun batzuk ditu bere kondaira: diotenez, sorgina izatea leporatu zioten Agatari martirioa pairatu zuenean; hori dela eta, katu edo sorgin itxura hartzen du hainbat euskal elezaharretan.

Bere bularrak dauzkan erretilu bat daramala irudikatzen dute Agata, pairatu zuen martirioaren oroigarri. Normalean, palma bat daroa beste eskuan, garaipenaren ikurra, santu martiriek heriotza gailendu dutelako seinale.

OHITURA ETA ERRITUAK

Buru minen aurka eta bularra babesteko bitartekotza eskatzen diote Santa Agatari. Horretarako, dirua eta kandelak eskaintzen dizkiote; antzina, ordea, olioa eskaintzen zen.

Santa Agataren egunaren bezperan, otsailak 4, ohikoa da Bizkaiko herri askotan makilen soinuan abestea, sainduaren babesa eskatzeko.
Santa Agataren egunean, otsailak 5, meza eman eta erromeria egiten da ermitan; jai eguna da. Mezaren ostean ohikoa zen andrazkoek sainduaren irudiaren burua hartu eta sakristiaren eta ermitaren aldareen inguruan buelta ematea, aldare horien aurrean geldituz Agataren laguntza erregutzeko asmoz. Zer edo zer antzekoa egiten zen buruko minen aurkako babesa eskatzearren. Antzina, gainera, sainduaren egunaren bezperan kanpaiak jotzen zituzten, eguerditik gauerdira.

Egun horren hurrengo domekan “errepikapena” egiten da; hau da, beste erromeria bat.

Santa Agata euskal emakumeek beneratzen duten saindua izan da, eta oraindik ere bada. Historian zehar, ohikoa izan da andrazkoak ermitara beilan etortzea. Adibidez, 1912an izugarrizko galerna batek Bermeoko hainbat itsasontzi hondoratu zuen; orduan, arrantzaleen emazteak ermitaraino etorri ziren, Santa Agataren babesa erregutzearren.

Pazko-domekan, Mendekostean (berrogeita hamar egun Pazko-domekaren ostean) eta San Ignazio Loiolakoaren egunean, uztailak 31, ere ematen da meza.

ERAIKINA

Santa Agata ermita Bizkaiko handienetakoa da. Arrolatza mendi-adarrean dago, muino baten gainean. Ermitara heltzeko bide aldapatsu bat dago, Deabruaren zubian (Cadagua ibaian) hasi eta antzinako galtzada baten aztarnetatik hurbil igarotzen dena.

Oso antzina da auzo honetan dagoen Santa Agatarekiko debozioa. Izan ere, gaur egungo ermita 1584. urtean eraiki zutela badakigu, baina argi dago ermita zaharrago bat zegoela bertan. Mendeetan zehar hainbat alditan berriztatu dute ermita: XVIII. mendean gangak, sakristia eta kanpai-horma gehitu zizkioten. Gainera, XX. mendean ere zaharberritu zuten, 1959an eta 1996an.

Ermitak harlangaitz-hormak eta zurezko ataria dauka; horren azpian erdi-arkuko atea dago. Barruan, lau atal eta burualde estuagoa dauka. Pilastren gainean datzan luneta-ganga dauka nabean; burualdean, ostera, ojiba-ganga dago. Presbiterioaren arku nagusian sainduaren kantaren lehenengo lerroa dago idatzita: Aintzaldu daigun Agate Deuna.

Vidrieras de Arte enpresak egindako beirateak daude leihoetan, Done Jakue Erromesa, Begoñako Andra Maria eta San Ignazio Loiolakoaren irudiekin. Oinaldeko horman, egungo koruaren gainean, XX. mendeko murala dago, Santa Agataren abesbatzen oroigarri.

Santa Agataren ermitara ailegatzeko galtzada aldapatsua dago.
Santa Agata
Santa Agataren ermitara ailegatzeko galtzada aldapatsua dago.
Egurrezko atariaren azpian erdi-arkuko atea dago.
Santa Agata
Egurrezko atariaren azpian erdi-arkuko atea dago.
Barruan, lau ataleko luneta-ganga dago.
Santa Agata
Barruan, lau ataleko luneta-ganga dago.
Burualdeak ojiba-ganga dauka.
Santa Agata
Burualdeak ojiba-ganga dauka.
Hiru beirate koloretsu daude ermitako leihoetan, Vidrieras de Arte enpresak eginak.
Santa Agata
Hiru beirate koloretsu daude ermitako leihoetan, Vidrieras de Arte enpresak eginak.
Ermitaren oinaldean, egurrezko koru modernoa dago.
Santa Agata
Ermitaren oinaldean, egurrezko koru modernoa dago.
XX. mendeko murala, Santa Agataren abesbatzen oroigarri.
Santa Agata
XX. mendeko murala, Santa Agataren abesbatzen oroigarri.
HORNIDURA

Aldare nagusiaren buru 1770. urteko erretaula barrokoa dago; horren ganbaratxoan, ispilu eta landare-itxurako apaingarriekin, Santa Agataren irudi nabarmena dago, urre-koloreko zutabeen artean. Janzteko modukoa da irudia; hau da, aurpegia eta eskuak baino ez daude zizelkatuak, sainduaren arropekin estaltzen den zurezko egitura izanik gorputza. Barakaldotik Mexikora joandako emigratzaile batek opari zuen Santa Agataren mantoa. Irudiaren ondoan aingeru bat dago, AGATE DEUNA dion kartela daramalarik. Erretaularen gainean XVI. mendearen bukaerako Kristo gurutziltzatuaren irudia dago.

Presbiterioaren albo banatan XVII. mendeko erliebeak daude. Batean Done Jakue Mairu-hiltzailea dago; bestean, Santa Ana, Ama Birjina eta Jesus Haurra. Erliebe bi horiek erromanistak dira, 1600 alderakoak.

Sakristian alabastrozko irudia dago, ustez Santa Agatarena; horren burua, gorputzetik askatua, eraman ohi zuten andrazkoek sainduaren eguneko prozesioan. Hala eta guztiz ere, ez da Santa Agata, Santa Juliana edo Santa Margarita baizik. 1350 alderakoa da irudia, Ingalaterrakoa.

Amorruaren aurkako jagolea den Santa Kiteriaren irudia ere badago sakristian. Gotikoaren bukaerakoa da, 1515 alderakoa, eta hainbat alditan berpintatu dute. Tunika gorria janzten du eta eskumako eskuan liburu irekia dauka. Bere oinaldean, ezkerraldean, belauniko dagoen otoizlariaren irudi bat; eskumaldean, txakur bat, sainduak animalien gainean duen boterearen ikurra. Zamundi auzoan (Alonsotegi) zegoen Santa Kiteria izeneko desagertutako ermitatik ekarri zuten irudia.

Aldare buru dagoen erretaula barrokoa
Santa Agata
Aldare buru dagoen erretaula barrokoa
Ermitaren patroiaren irudia, Santa Agatarena, janzteko moduko eskultura da
Santa Agata
Ermitaren patroiaren irudia, Santa Agatarena, janzteko moduko eskultura da
Aingeru batek eusten dio ermitako patroiaren izena daukan kartelari
Santa Agata
Aingeru batek eusten dio ermitako patroiaren izena daukan kartelari
Erretaularen gainean dagoen Kristo gurutziltzatua (XVI. mendearen bukaerako irudia)
Santa Agata
Erretaularen gainean dagoen Kristo gurutziltzatua (XVI. mendearen bukaerako irudia)
Done Jakue irudikatzen duen erliebe erromanista
Santa Agata
Done Jakue irudikatzen duen erliebe erromanista
Santa Ana, Ama Birjina eta Jesus Haurra irudikatzen duen erliebe erromanista
Santa Agata
Santa Ana, Ama Birjina eta Jesus Haurra irudikatzen duen erliebe erromanista
Santa Juliana edo Santa Margarita irudikatzen duen alabastrozko irudia; Santa Agata zela pentsatu ohi zuten.
Santa Agata
Santa Juliana edo Santa Margarita irudikatzen duen alabastrozko irudia; Santa Agata zela pentsatu ohi zuten.
Alonsotegiko desagertutako ermita batetik ekarri zuten Santa Kiteriaren eskultura (gotiko bukaerako irudia)
Santa Agata
Alonsotegiko desagertutako ermita batetik ekarri zuten Santa Kiteriaren eskultura (gotiko bukaerako irudia)