Salbatore (Berreño (Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz))

Goenetxea baserriko orubean ezkutatutako ermita.

Kronologia:    XVI. mendea
Estiloa:    Errenazimentua
Udala:    Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz
Auzoa:    Berreño
Koordenatuak:    43.274229,-2.611523

Ermita guztiak
DEITURA

Ebanjelioak aipatzen du Jainkoaren Antzaldatzea: Jesus Tabor mendiaren tontorrean otoitz egiten ari zelarik “aurpegiko itxura aldatu egin zitzaion, eta jantziak zuri distiratsu bihurtu” (Lk 9, 29), Moises eta Elias profetak agertu eta berarekin hitz egiten zuten bitartean. Jesusen begikoen hiru dizipuluek (Petrik, Joanesek eta Jakue Nagusiak) ikusi zuten gertatutakoa.

Oso antzina da Antzaldatzearen oroipena; Kalixto III. aita santuak, ordea, kristau-herri osoan hedatu zuen ospakizuna 1457an. Izan ere, urte hartaren abuztuaren 6an, Antzaldatzearen egunean, berri on bat ailegatu zen Erromara: Belgradon tropa kristauek Turkiako Mahomet II.ren aurka irabazi zutena.

OHITURA ETA ERRITUAK

Jainkoaren Antzaldatzearen, abuztuaren 6aren, ondorengo domekan meza ematen da. Egun horretan izan ezik, ermitak ez dauka kulturik, Goenetxea baserriko orubean baitago.

ERAIKINA

Auzo-ermita txiki hau Berreño auzoan dago, Goenetxea baserriko orubean. Harlangaitz-horma xumeak ditu. Eraikinaren oinaldean, ataria dago; horrek babestua, XVI. mendeko atea, erdi-puntuko arkukoa. Hegoaldeko paretan gezileiho bat dago, eta leiho handiago bat burualdean. Leiho hori ermitako elementurik interesgarrienetako bat da: izan ere, XI. mendekoa omen da. Horrek esan nahi du bertan beste baseliza bat egon zela, dagoena baino askoz antzinagoa. Leiho horrek bao bertikal bi ditu, oso estuak, eta lerro grabatuen apaingarria.

Ermita barruko zorua terrakotaz estalita dago. Estalpea ere oso adierazgarria da: zeru deritzon zurezko ganga txikia, ohol handiez egina, apaingarririk gabekoa. Zeruak zurezko hauts-babesak dira, aldarearen gainean esekiak, kontsakrazioan eukaristia babesteko balio dutenak.

Materailak oso xumeak direla disimulatzearren, aldare aldeko horma margoztuta dago, hareharrizko silarriak imitatuz. Era berean, erretaularen goiko aldean trazu zakar samarreko gailurreria dago, zuria atzealde urdinaren gainean.

Burualdeko zeru deritzon egurrezko ganga txikia, apaingarririk gabekoa.
Salbatore
Burualdeko zeru deritzon egurrezko ganga txikia, apaingarririk gabekoa.
Ermita barruko zorua terrakotaz estalita dago.
Salbatore
Ermita barruko zorua terrakotaz estalita dago.
Ermitako burualdean, XI. mendeko leiho prerromanikoa, lerro grabatuez apaindua.
Salbatore
Ermitako burualdean, XI. mendeko leiho prerromanikoa, lerro grabatuez apaindua.
Hegoaldeko paretan gezileiho bat dago.
Salbatore
Hegoaldeko paretan gezileiho bat dago.
Erdi-puntuko arkuko atea, zurezko atariak babestua.
Salbatore
Erdi-puntuko arkuko atea, zurezko atariak babestua.
HORNIDURA

Ermitaren burualdean erretaula klasizista dago, aldareari atxikita. Bere erdian, gotikoaren bukaerako erliebea, XVI. mendearen hasierakoa; Jainkoaren Antzaldatzea irudikatzen du erliebeak: Kristo erdian dago, bedeinkatzeko seinalea eginez eta lau apostoluk inguratuta, nahiz eta, Bibliaren arabera, hiru apostolu eta profeta bi izan beharko luketen. Erretaula horren albo banatan, santu baten irudia dago: batean, Done Paulo, ezpata eta liburua, bere ohiko ikurrak, daramatzalarik; bestean, identifikatu gabeko santu bat, eskumako eskuan palma eta ezkerrean liburua daramatzalarik.

Ermitaren burualdean erretaula klasizista dago, aldareari atxikita.
Salbatore
Ermitaren burualdean erretaula klasizista dago, aldareari atxikita.
Jainkoaren Antzaldatzea irudikatzen duen erliebea, erretaularen erdian.
Salbatore
Jainkoaren Antzaldatzea irudikatzen duen erliebea, erretaularen erdian.
Done Pauloren irudia, erretaularen alboan.
Salbatore
Done Pauloren irudia, erretaularen alboan.
Identifikatu gabeko santu bat, erretaularen alboan.
Salbatore
Identifikatu gabeko santu bat, erretaularen alboan.