Salbatore (Zarandoa (Larrabetzu))

Ezaugarri prerromanikoak herri-ermita batean.

Kronologia: XVIII. mendea
Estiloa: Barrokoa (herrikoa)
Udala: Larrabetzu
Auzoa: Zarandoa (Astoreka)
Koordenatuak: 43.279022,-2.778142

Ermita guztiak
DEITURA

Jesus Nazaretekoari kristauek emandako izenetako bat da Salbatore. Kristo gurutziltzatua izan zen ermitako irudi nagusia; oso ohikoa baita kristauterian gurutziltzatua eta salbatzailea identifikatzea. Izan ere, kristau-ikasbideak dioenez, Kristoren gurutzeko heriotzaren bidez heltzen da salbamena eta bekatuen erredentzioa eta, beraz, betiko bizitza eskuratzea.

OHITURA ETA ERRITUAK

Gaur egun ez dago ermitari lotutako usadiorik. Antzina erreguteak egiten ziren Goikolexetik ermitaraino Zeruratzearen (berrogei egun Pazko-domekaren ostean) aurreko astelehenean.

ERAIKINA

Gaztelumendi mendebaleko magalean dago ermita, Goikogana izeneko muinoan, sakabanatutako baserriez jositako herrigune txiki batean; horrek, handitzen du ingurunearen edertasuna. Gaur egungo eraikina guztiz berriztatuta egon arren, Bizkaiko tenplurik antzinenetako bat omen da, gutxienez XI. mendekoa.

Oinplano angeluzuzena, harlangaitz-hormak eta teilazko estalpea, teilatu-zurajearen gainean dagoena, dauzka. Ermitaren barruan harlauza handietako zorua dago. Aipatzekoa da hegoaldeko horman dagoen atea: mensulen gainean datzan pieza bakarreko ateburua du, harlangaitz-hormekin kontraste handia egiten duena. Ate horren aurrean, harrizko hiru maila daude.

Badago oso deigarria den elementu bat: ermitaren burualdean, aldarearen atzean, harri bakar batean zizelatutako leihoa dago. Bao txiki bi ditu eta, horien gainean, zulo borobil bi. Ermitaren antzinako jatorria adierazten du leihoak: izan ere, hor bertan zegoen ermitatik hartu eta berrerabili zuten. Leiho prerromanikoa da eta XI. mendekoa omen da.

Egurrezko teilatua dauka ermita.
Salbatore
Egurrezko teilatua dauka ermita.
Ateak kontraste handia egiten du ermitako harlangaitz-hormekin.
Salbatore
Ateak kontraste handia egiten du ermitako harlangaitz-hormekin.
Aldarearen atzean zizelatutako leihoa dago, XI. mendeko ermita prerromaniko batetik berrerabilia.
Salbatore
Aldarearen atzean zizelatutako leihoa dago, XI. mendeko ermita prerromaniko batetik berrerabilia.
HORNIDURA

Gaur egun ermita hutsik dago, 1967. Urtez geroztik kulturik ez dago eta.

Aldare-mahaiaren ordez, disko-formako estela erabili zuten, egun Bizkaiko Arkeologi Museoan dagoena. Estelak alde banatan gurutz bat dauka, zirkulu batean inskribatua: atzeko-aldean dagoenak hortz-formako apaingarriak ditu. VII. edo VIII. mendekotzat jo dute. Hilarria omen da, leku horretan bertan egon bide zen antzinako nekropoli batetik hartua.

Disko-formako estela, aldare mahaiaren ordez erabili zutena
(Arkeologi Museoa)
Salbatore
Disko-formako estela, aldare mahaiaren ordez erabili zutena (Arkeologi Museoa)