Done Erroman (San Roman (Muxika))

Behe Erdi Aroko elementu finak, herriko ermita batean.

Kronologia: XV. mendea
Estiloa: Gotikoa
Udala: Muxika
Auzoa: San Roman
Koordenatuak: 43.283673,-2.694034

Ermita guztiak
DEITURA

Erromatar inperioko soldadua izan zen Erroman, 258. urtean kristaua zela adierazteagatik martirizatu zutena. Usadioaren arabera, Done Laurendiren itaunketa eta martirioaren lekukoa izan zen; santu horren sendotasuna eta fedea ikusita, kristautasunera aldatu zen. Done Laurendik berak bataiatu zuen, bere kartzela-gelan. Done Laurendi hil ostean,  Erromanek kristaua zela aitortu zuen jendaurrean. Ebanjelioaren berri ematen hasita, Valeriano enperadoreak mihia moz zezatela agindu zuen. Hala eta guztiz ere, Erromanek eutsi zion; beraz, kartzelaratu eta ito egin zuten. Bere jaia abuztuaren 9an ospatzen da, Done Laurendiren egunaren bezperan, santu horrek kristautasunera aldatu zuela oroitzeko.

OHITURA ETA ERRITUAK

San Erromanen egunean, abuztuak 9, meza ematen da eta erromeria egiten da.

Antzina, Zeruratzearen (berrogei egun Pazko-domekaren ostean) aurreko astelehenean eta San Markosen egunean, apirilak 25, erreguteak egiten ziren. Egun haietan, prozesioa egiten zen ermitaraino; hor, ura bedeinkatzen zuten, joandakoen baratze eta kortetan ihinztatzeko eta, horrela, zeruaren babesa lortzeko. Ohikoa zen, halaber, ermita argiztatzeko kandelak edo, behialago, olioa ofrendatzea. Ohitura guzti horiek, ordea, galdu dira.

ERAIKINA

Ermita muino baten tontorrean dago, Muxikatorretik hurbil. Hasiera batean, auzoko parrokia izan omen zen, baina Done Bikendi Martiriaren eliza egin zutenean ermita izatera murriztu zen. XIII. mendean berriztatu eta 1500 aldera berregin zuten, gaur egun duen itxurarekin.

Ermitak oinplano angeluzuzena, harlangaitz-hormak eta era bi isurkiko teilatua dauka. Burualdeko leiho biak erromanikoaren bukaerakoak omen dira: txaranbelduak dira, erdiko zutabetxoa dute eta, goiko partean, lau petaloko lore-formako apaingarria dute, oso hargintza-lan fina. Gotikoaren bukaerako elementu batzuk ere badaude, hala nola hegoaldeko hormako atea, ojiba-arku arina duena; bere ondoan, ur bedeinkatutarako harrizko ontzia dago.

Barrualdeko pulpitua eta korua galdu dira. Koruaren parean, ermitako oinaldean, jarlekudun leiho bat dago. Gotikoaren bukaerakoa da, bi ojiba-arku txikik osatuta.

Muxikatorretik hurbil dago ermita.
Done Erroman
Muxikatorretik hurbil dago ermita.
Burualdeko leiho biak erromanikoaren bukaerakoak omen dira.
Done Erroman
Burualdeko leiho biak erromanikoaren bukaerakoak omen dira.
Hegoaldeko hormako atea gotikoaren bukaerakoa da.
Done Erroman
Hegoaldeko hormako atea gotikoaren bukaerakoa da.
Koruaren parean, ermitako oinaldean, jarlekudun leiho bat dago.
Done Erroman
Koruaren parean, ermitako oinaldean, jarlekudun leiho bat dago.
HORNIDURA

Ermitaren barruan, Done Erromanen irudia dago. Tunika berdez jantzita dago, eskumako eskuan liburua eta ezkerrekoan bere martirioaren ikurra den mihi luzea, gurutze batean bukatzen duena, daramatzalarik. San Erroman irudikatzeko era hori ez da ohikoa; izan ere, soldadu erromatarrez jantzita irudikatu ohi dute. Gotikoaren bukaerako eskultura da, XVI. mendearen hasierakoa, hainbat alditan berpintatu dutena.

Done Erromanen, ermitako patroiaren, irudia, gotikoaren bukaerakoa.
Done Erroman
Done Erromanen, ermitako patroiaren, irudia, gotikoaren bukaerakoa.