Done Petri Apostolua (Arta (Ziortza-Bolibar))

Arta herri-auzoak altxorra dauka hango ermitaren barruan: hiruko zerua, zurezko kanoi-ganga hirukoitza.

Kronologia: XV. mendea (1500 aldera)
Estiloa: Gotikoa
Udala: Ziortza-Bolibar
Auzoa: Arta
Koordenatuak: 43.244542, -2.534780

Ermita guztiak
DEITURA

Petri eta Andres, bere anaia, Kafarnaumeko arrantzaleak zirenak, Jesusek bildu zituen lehendabiziko apostoluak izan ziren. Agian, Petri izan zen Jesusen begikoa; hori zela eta, Jesusek honela esan zion: “harkaitz honen gainean eraikiko dut nik neure eliza”. Jesus hil zutenean, Herodes erregea Petriri segika ibili zitzaion, eta, ondorioz, Petrik Jerusalem utzi behar izan zuen. Usadioaren arabera, “apostoluen printzea” deritzona Erromara joan zen eta horko leheneko gotzaina (hau da, lehendabiziko aita santua) izan zen. Neronek atxilotu eta gurutzean hiltzera zigortu zuen. Petrik, ordea, buruz behera gurutziltzatu dezatela eskatu zuen: umiltasunez, ez zuen nahi Jesu Kristo bera hil zuten era berean hil. 67. urtean hil omen zen.
Petri apostoluaren irudiak ezaugarri hauek izaten ditu: giltzak, Jaungoikoaren erresumaren ikurra; oilarra, bere ukapenen oroigarria; gurutzea, bere martirioaren ikurra; makila, artzain izatearen ikurra; eta arraina, Jesus Nazaretekoaren aginduaren arabera “giza-arrantzale” izatearen sinboloa.

OHITURA ETA ERRITUAK

Done Petri apostoluaren egunaren goizean, ekainak 29, meza kantatua ematen da eta erromeria egiten da.
Antzina, Zeruratzearen (berrogei egun Pazko-domekaren ostean) aurreko astelehenean prozesio bat etortzen zen ermitara Bolibarko elizatik. Egun hartan, hilen meza ematen zen eta ura bedeinkatzen zen, joandakoen artean banatzeko eta soroetan eta ortuetan ihinztatzeko, uzta ugariak lortzearren.

ERAIKINA

Muino txiki baten gainean dago ermita, baserri-auzune ederrean. Kultu-tokia izan da Arta, gutxienez XI. mendetik aurrera: horrelaxe adierazten du ermitako burualdean dagoen leihoak, bao bi eta mainela dauzkana, ziur asko garai hartako baselizatik hartua eta aprobetxatua izan zena.  Gaur egun ikusten dugun ermita, ordea, XV. mendekoa da.

Oinplano angeluzuzeneko eraikina da, harlangaitz-hormak dauzkana. Hormok luzituta daude eta harlanduak dituzte izkinetan eta baoetan. Barrura sartzeko, ojiba-arkudun atea dago, zurezko zutabeen gainean datzan atari batek babestua. Ermitak kanpai-horma eta kanpaia ere badauzka.
Barruan, zurezko egiturako korua dago. Eraikinak nave bakarra eta bi isurkiko estaldura dauzka.

Burualdean, ostera, hiruko zeru izeneko zurezko kanoi-ganga hirukoitza dauka. Zeruak zurezko hauts-babesak dira, aldarearen gainean esekiak, kontsakrazioan eukaristia babesteko balio dutenak.

XI. mendeko lehioa, Artako antzinako ermitatik hartua eta aprobetxatua.
Done Petri Apostolua
XI. mendeko lehioa, Artako antzinako ermitatik hartua eta aprobetxatua.
Baselizaren barrura sartzeko, ojiba-arkodun atea dago
Done Petri Apostolua
Baselizaren barrura sartzeko, ojiba-arkodun atea dago
Burualdeak hiruko zeru izeneko zurezko kanoi-ganga hirukoitza dauka, kontsakrazioan eukaristia babesteko balio duena.
Done Petri Apostolua
Burualdeak hiruko zeru izeneko zurezko kanoi-ganga hirukoitza dauka, kontsakrazioan eukaristia babesteko balio duena.
HORNIDURA

Hiru herri-eskulturak osatzen dute ermitaren hornidura. Meza emateko egunetan aldarean jartzen dituzte; urteko gainerako egunetan auzoko beserrietan gordetzen dituzte. Ermitaren burualdean Done Petriren irudia egoten da, aita santuaren itxuraz, kasula eta tiara jantzita, eskumako eskuaz bedeinkatuz eta ezkerrekoan giltzak daramatzalarik. Zurezko tailu polikromoa da, gotikoa.

Ermitaren eskumaldean, ebanjelio deritzon aldean, Andra Maria eta Haurraren zurezko tailu polikromoa dago. Haurra Ama Birjinaren ezkerreko hankaren gainean dago jarrita, eskua goian eta atzamarrak bedeinkatzeko keinuz. Hori zen Euskal Herrian XIV. mendean Andra Maria irudikatzeko erarik ohikoena. Ama Birjinak mantu izartsua janzten du eta eskumako eskuan sagar bat daroa; Mariak gizateria onera ekarriko duela eta, beraz, Eva berria dela adierazten du sagarrak.

Ermitaren beste aldean San Ildefontsoren irudia dago. Eskultura hori XVIII. mendekoa omen da, baina zaila da kronologia zehaztea,  herri-tailua baita. Ildefontsok gotzain baten jantziak dauzka: kasula eta mitra (gotzainen berezko burukoa); mitra horretan kustodia bat dago margotuta. Esku batean makila darama eta bestean liburu itxia.

Done Petriren irudia, aita santuaren itxuraz, aldare buru egon ohi dena.
Done Petri Apostolua
Done Petriren irudia, aita santuaren itxuraz, aldare buru egon ohi dena.
Andra Maria eta Jesus Haurra.
Done Petri Apostolua
Andra Maria eta Jesus Haurra.
San Ildefontso gotzainez jantzita irudikatzen duen herri-taula.
Done Petri Apostolua
San Ildefontso gotzainez jantzita irudikatzen duen herri-taula.