Done Mikel Goiaingerua (Usparitza (Muxika))

Done Mikel Goiaingeruaren usadio magikoa hartzen du ermitak bere baitan.

Kronologia: XV. mendea (1500 aldera)
Estiloa: Gotikoa
Udala: Muxika
Auzoa: Usparitza
Koordenatuak: 43.268991,-2.689757

Ermita guztiak
DEITURA

Biblian aipatzen diren lau arkanjeluetako bat da Done Mikel, San Rafael, San Gabriel eta San Urielekin batera. Bere izenak “Nor, Jainkoaren bezala?” esan nahi du, eta Jaungoikoaren aldamenean dagoela adierazten du. Zeruko armadaren komandante-burua da eta, beraz, Luzifer Jaungoikoaren kontra matxinatu zenean, bere aurka borrokatzeko arduraduna izan zen. Jeneral erromatarren uniformearekin jantzitako gizon hegaldun moduan irudikatzen dute, deabrua (batzuetan dragoi edo suge erraldoiaren itxuraz) lantza batez menderatzen duelarik.

VI. mendetik aurrera zabaldu zen berarekiko debozioa mendebaldeko Europan; orduan arkanjelua hiru aldiz agertu omen baitzen Italiako Gargano mendian. Euskal Herrian antzeko agerraldia izan zela esaten zen, Aralar mendian, eta, ondorioz, X. mendez geroztik Nafarroako erregeek bultzatu zuten Done Mikelekiko debozioa. Garai hartan Nafarroako erresumak oraingo Euskal Autonomi Erkidegoa barne hartzen zuen; hori dela eta, Done Mikelen izenpeko egin zituzten gure lurraldeko eliza eta baseliza antzinenak.

 

OHITURA ETA ERRITUAK

Ermitaren patroia Done Mikel izan eta bere eguna irailaren 29an ospatu arren, Usparitzako jai-egun nagusia San Isidro, maiatzak 15, izaten da; izan ere, San Isidrorena da ermitan dagoen irudirik beneratuena. Egun horretan, gailetak eta ardoa ematen diete erromesei. San Isidroren babesa eskatu ohi da lehorraldietan; halakoetan, prozesioa egiten da Areatzako Santi Kurutz ermitaraino, santuaren irudia eramanez.

Ohikoa zen, halaber, erreguteak egitea Zeruratzearen (berrogei egun Pazko-domekaren ostean) aurreko hiru egunetan. Egun hartan, ura bedeinkatzen zen ortuetan ihinztatzeko, eguraldi txar, izurrite eta uzta urrien aurkako babesa lortzearren.

ERAIKINA

Done Mikel ermita Atxeli mendiaren magalean, Usparitza auzoan, dago. Tenplu gotiko txikia da, oso era xumez eraikia. Harlangaitz-hormak eta bi isurkiko zurezko estalpea ditu. Ermitaren oinaldean, ojiba-arku arineko atea dago; ate horren giltzarrian (hau da, erdiko harrian) zizelkatutako zirkulu bat dago. Ateko arkubarneran harrian zizelkatutako zulo txikiak ur bedeinkatutarako ontzia ordezkatzen du. Hegoaldeko fatxadan beste ate bat dago, hori ere ojiba-arkukoa, dobela handiak dauzkana. Ermitaren barrualdea oso xumea da: harrizko hormak ditu eta Muxikako auzoen zutoihalak daude, habe batetik zintzilik. Burualdean, horma-hobi batek albo-mahaitxoa ordezkatzen du; hor liturgia-hornidura gordetzen da. “EGO SUM” (“Neu naiz”) dioen inskripzioa dauka horma-hobiak.

1998an Muxikako udalak ermita berriztatu zuen.

Ermitara sartzeko ojiba-arku arineko atea dago; horren giltzarrian zizelkatutako zirkulu bat dago
Done Mikel Goiaingerua
Ermitara sartzeko ojiba-arku arineko atea dago; horren giltzarrian zizelkatutako zirkulu bat dago
Ate nagusiko arkubarneran harrian zizelkatutako zulo txikiak ur bedeinkatutarako ontzia ordezkatzen du.
Done Mikel Goiaingerua
Ate nagusiko arkubarneran harrian zizelkatutako zulo txikiak ur bedeinkatutarako ontzia ordezkatzen du.
.Hegoaldeko fatxadan ojiba-arkuko ate bat dago, dobel handiak dauzkana.
Done Mikel Goiaingerua
.Hegoaldeko fatxadan ojiba-arkuko ate bat dago, dobel handiak dauzkana.
HORNIDURA

Ermitako patroiaren, Done Mikel Goiaingeruaren, irudia idulki baten gainean dago, ezkerreko aldean aldarera begira; hau da, epistolaren aldean. Armagizonez jantzita eta deabruari gailenduz irudikatzen dute. XX. mendearen hasierakoa da.

Eskumako aldean aldarera begira (hau da, ebanjelioaren aldean), San Isidro nekazariaren irudia dago, Gaztelako tailer batean eginda. Ermitako eliztarrek debozio handia diote, 1942an Areatza auzoko kofradiak ordaindu baitzuen.

Erdiko erretaula modernoa da. Horren albo banatan gotikoaren bukaerako irudi bat dago: Maria Magdalena (ezkerretan) eta Done Laurendi (eskumatan), biak hainbat alditan berpintatuak. Maria Magdalenaren irudiak lurrin-ontzia darama eskuan, Kristoren pizkundearen momentuan bere hilobira zihoalako ikurra. Done Laurendirenak, ordea, bere martirioaren oroigarria den parrilla daroa.

Done Mikel Goiaingerua, ermitako patroia
Done Mikel Goiaingerua
Done Mikel Goiaingerua, ermitako patroia
San Isidro nekazaria, eliztarrek gehien gurtu duten irudia
Done Mikel Goiaingerua
San Isidro nekazaria, eliztarrek gehien gurtu duten irudia
Erretaula nagusia modernoa da.
Done Mikel Goiaingerua
Erretaula nagusia modernoa da.
Andra Maria Magdalena (gotikoaren bukaerako irudia)
Done Mikel Goiaingerua
Andra Maria Magdalena (gotikoaren bukaerako irudia)
Done Laurendi (gotikoaren bukaerako irudia)
Done Mikel Goiaingerua
Done Laurendi (gotikoaren bukaerako irudia)