Done Laurenti (Bermejillo (Gueñes))

Mendez mendeko arkitektura adierazten duen eraikina.

Kronologia: XVII. mendea
Estiloa: Errenazimentua
Udala: Gueñes
Auzoa: Bermejillo
Koordenatuak: 43.22925,-3.109636

Ermita guztiak
DEITURA

Erromako zazpi diakonoetako bat izan zen Laurendi; Sixto aitasantutza-aldian, III. mendean, Elizaren ondasunak administratze eta behartsuak zaintzeko ardura zuen. Garai hartan, artean, Erromako enperadoreek kristauteriari jarraitzen zioten eta kristauek prefektuari eman behar zizkioten haien ondasunak. Elizaren administratzailea zenez gero, ondasunak prefektuari emateko agindu zioten Laurendiri. Berak hiru eguneko epea eskatu zuen, ondasun guztiak batzeko; orduan, eliza-ondasun guztiak bildu eta behartsuen artean banatu zituen. Hiru egunak igarota, laguntzen zituen gaizo eta behartsu guztiak gonbidatu eta agintarien aurrean aurkeztu zituen, zera esanez: “horra hor Elizaren benetako aberastasunak, enperadoreak berak dauzkan horiek baino balio handiagoa dute”. Erromari trufa egiteagatik salatu zuten orduan, eta prefektuak parrilla batean erreta hiltzeko zigorra ezarri zion. Usadioak dioenez, martirioa pairatzen zuen bitartean, hau oihu egin zuen:   Assasti unam partem, gira et aliam, et manduca (“alde bat erre duzu dagoeneko, eman iezadazu buelta eta jan ezazu”). Horrela hil zuten 258ko abuztuaren 10ean.

Gizon gazte baten itxuraz irudikatu ohi dute, bizargabea, diakonoz jantzita (dalmatika izeneko kapa labur batez, albo bietatik irekia eta ukondorainoko mahukekin). Normalean, esku batean parrilla darama, bere martirioaren oroigarri, eta bestean palma. Garaipen-sinboloa da palma hori Antzinarotik eta, beraz, martirioa pairatu duten santuen ikurra, heriotza gailendu dutelako seinale.

OHITURA ETA ERRITUAK

Done Laurendiren egunean, abuztuak 10, ospatzan da jaia: meza eman eta erromeria egiten da. Antzina, erreguteak egiten ziren ermitaraino, letaniak errezatuz. Maiatzean bedeinkapena ematen zen ermitan, uzta ugariak iragartzearren.

Ohikoa da Done Laurendiren babesa eskatzea azaleko gaitzak (erlakaiztenak, pikorrak eta erredurak) zaintzeko.

ERAIKINA

Bermejillo auzoan dago egungo Done Laurenti ermita. XVI. mendean berriztatu omen zuten eta 1607an gehitu zuten kanpandorrea; hala ere, absidean dagoen leihoa XI. mendekoa dela uste da. Gainera, 1991 eta 1993 bitartean egindako arkeologia-indusketek aurretiko eraikin baten hormak erakutsi zituen, bai eta XII. eta XIII. mendeetako hilobiak ere. Bestalde, 1383an eta 1489an ermita hori parrokia zela dokumentatu da. Hau da: leku horretan bertan ondoz ondoko eraikin batzuk egon dira.

El Garmo izeneko mendi-adarrean dago ermita, XX. mendearen bukaeran berriztatu zutena. Oinplano angeluzuzena, harlangaitz-hormak, hiru isurkiko estalpea eta oinaldeko kanpandorre karratua dauzka. Alboko atariaren azpian, hegoaldean, zutabeen gainean datzan teilapea dago; horren azpian ermitara sartzeko erdi-arkuko atea dago. Ataria, orain dela gutxi eraikia, beste baten ordez egin dute: Aimon Rebollar arotzak egin zuen aurreko atari hori, 1647an. Ermitaren burualdean harrizko leihoa dago, XI. mendearen erdikoa omen dena. Hareharrizko blokea da, oso higatua; erdiko baoa dauka, zutabe txiki batek zatituta, eta bao horien gainean idi-begi bi (hau da, zirkulu-formako leihoak). Barnealdea guztiz berreginda dago: oinaldean koru txiki bat dauka; atearen ondoan ur bedeinkatutarako harrizko ontzia dago; eta burualdean aldare-mahaia dago.

El Garmo izeneko mendi-adarrean dago ermita eta kanpandorre karratua dauka oinaldean.
Done Laurenti
El Garmo izeneko mendi-adarrean dago ermita eta kanpandorre karratua dauka oinaldean.
Ermitara sartzeko erdi-arkuko atea dago.
Done Laurenti
Ermitara sartzeko erdi-arkuko atea dago.
Ermitaren burualdean harrizko leihoa dago, XI. mendekoa omen dena.
Done Laurenti
Ermitaren burualdean harrizko leihoa dago, XI. mendekoa omen dena.
Barnealdea guztiz berreginda dago.
Done Laurenti
Barnealdea guztiz berreginda dago.
Ermitaren barruan, atearen ondoan, ur bedeinkatutarako harrizko ontzia dago.
Done Laurenti
Ermitaren barruan, atearen ondoan, ur bedeinkatutarako harrizko ontzia dago.
HORNIDURA

Done Laurendiren egunean, abuztuak 10, ermitara eramaten dute patroiaren irudia. Normalean, Gueñeseko Andra Maria elizan daukate irudi hori. Done Laurendi dalmatika izeneko kapaz jantzita dago eta palma daroa eskuan; hala ere, ez darama parrilla, ohikoa denez. Herriko eskultura da, XVIII. mendekoa omen dena, eta eskultura gotikoak hartzen ditu eredutzat.

Ermitako gainerako hornidura (XVII. mendeko kapitel bat, XIV. mendeko brontzezko Kristo gurutziltzatu bat eta XV. mendeko irudi bi) Bilboko Euskal Museoan gordetzen dute.

Done Laurendiren irudi hau parrokian egoten da eta erromeria-egunean eramaten dute ermitara.
Done Laurenti
Done Laurendiren irudi hau parrokian egoten da eta erromeria-egunean eramaten dute ermitara.
XVII. mendeko kapitela, egun Bilboko Euskal Museoan dagoena.
(Argazkia: Euskal Museoa. Bilbao. Museo Vasco)
Done Laurenti
XVII. mendeko kapitela, egun Bilboko Euskal Museoan dagoena. (Argazkia: Euskal Museoa. Bilbao. Museo Vasco)
Kristo gurutziltzatua, egun Bilboko Euskal Museoan dagoena (XIV. mendeko irudia)
(Argazkia: Euskal Museoa. Bilbao. Museo Vasco).
Done Laurenti
Kristo gurutziltzatua, egun Bilboko Euskal Museoan dagoena (XIV. mendeko irudia) (Argazkia: Euskal Museoa. Bilbao. Museo Vasco).
Bilboko Euskal Museoan dauden santu biren irudi gotikoak
(Argazkia: Euskal Museoa. Bilbao. Museo Vasco).
Done Laurenti
Bilboko Euskal Museoan dauden santu biren irudi gotikoak (Argazkia: Euskal Museoa. Bilbao. Museo Vasco).