San Joakim eta Santa Ana (Arretxinaga(Markina-Xemein))

Ermita pribatu ederra, Barroeta dorreko ondasunen erdian.

Kronologia: XVII. mendea
Estiloa: Barrokoa
Udala: Markina-Xemein
Auzoa: Arretxinaga
Koordenatuak: 43.274862,-2.493028

Ermita guztiak
DEITURA

Usadioaren arabera, San Joakim eta Santa Ana Andra Mariaren gurasoak eta, beraz, Jesusen aitite eta amama dira. Hogei urtez eskonduta egon ondoren, Joakimek eta Anak ez zuten seme-alabarik; juduen ustez, hori Jainkoaren madarikazioaren seinale zen. Joakimek eskaintzak egin zituen tenpluan, Jaungoikoaren uste ona lortzearren, baina apaiza nagusiak ez zuen bere ofrendarik onartu. Orduan, desertura erbesteratu zen Joakim, bere artzainen antzera, eta berrogei eguneko baraua egin zuen. Sakrifizio horren ostean, Gabriel arkanjelua agertu zitzaien berari eta Jerusalemen bakarrik zegoen Ana emazteari, beren erreguak onartuta izan zirela esateko: neskato bat edukiko zuten. Neskato hori Maria, Jesusen ama, izango zen.

OHITURA ETA ERRITUAK

Ermitan ez dago kulturik, 1966. urtez  geroztik.

Antzina, meza ematen zen egun batzuetan: San Josefen egunean, martxoak 19; San Antonio Paduakoaren egunean, ekainak 13; San Joakimen egunean, abuztuak 16 antzinako liturgia-egutegiaren arabera; eta Done Joanes Lepamoztuaren egunean, abuztuak 29.

ERAIKINA

San Joakim eta Santa Ana ermita alboan dagoen Barroeta dorreko etxekoena da, gaur egun Gaytan de Ayala familiarena. Barroetatarrek ondasun ugari lortu zuten basoaren egurraren eta Oxillogin  burdinolaren ustiapenari, Ondarroako portuko barne-merkataritzari eta, batez ere, Xemeingo Andra Maria eta Etxebarriako Done Andres parrokien hamarrenak (zergak) kobratzeari esker. XV. mendearen bukaeran zaharberritu zuten beren dorretxea, eta XVII. mendean jauregi eroso samarra bihurtu zuten: azken pisua gaineratu eta leihoburudun baoak ireki zituzten. Mende hartan, hain zuzen ere, ermita bat gehitu zieten dorreko ondasunei, ermitak baitziren garaiko ospearen edota “kalitatearen” adierazle. XVIII. mendearen amaieran, ordea, multzo eder horren jabeak hurbil dagoen Markina hiriburura joan ziren; dorrea, ermita era beren ondasun guztiak errentarien ardurapean utzi zituzten. Errentariok eraikinak eraldatu zituzten, nekazaritza-ustiapen moduan erabiltzeko asmotan.

Baselizak, estilo barrokokoak, oinplano karratua eta harlangaitz-hormak ditu. Aurreko fatxadak kareharrizko harlanduzko lana dauka, bai eta toskanar ordeneko zutabe biren gainean datzan zurezko ataria ere. Atearen ondoan ur bedeinkatutarako harrizko ontzi   galloidun bat dago; bere bi alboetan dauden leihoek burdin-barrak dauzkate. Bi ataleko ojiba-ganga batek estaltzen du ermita. Atal horien artean arku bat dago, xafla-mentsulen gainean datzana.

Barroeta etxekoen ondasunen partea da San Joakim eta Santa Ana ermita.
San Joakim eta Santa Ana
Barroeta etxekoen ondasunen partea da San Joakim eta Santa Ana ermita.
Toskanar ordeneko zutabe biren gainean datzan zurezko atariak babesten du ermitako atea.
San Joakim eta Santa Ana
Toskanar ordeneko zutabe biren gainean datzan zurezko atariak babesten du ermitako atea.
Atearen ondoan ur bedeinkatutarako harrizko ontzi galloidun bat dago
San Joakim eta Santa Ana
Atearen ondoan ur bedeinkatutarako harrizko ontzi galloidun bat dago
Bi ataleko ojiba-ganga batek estaltzen du ermita. Atal horien artean arku bat dago, xafla-mentsulen gainean datzana.
San Joakim eta Santa Ana
Bi ataleko ojiba-ganga batek estaltzen du ermita. Atal horien artean arku bat dago, xafla-mentsulen gainean datzana.
Neurri batean, Oxillogin burdinolaren ustiapenari esker lortu zuten Barroetatarrek haien aberastasuna.
San Joakim eta Santa Ana
Neurri batean, Oxillogin burdinolaren ustiapenari esker lortu zuten Barroetatarrek haien aberastasuna.
HORNIDURA

Aldare aldean San Joakim eta Santa Ana irudikatzen duen margolana  dago, oso hondatua. Pinturan, hau irakurri ahal dugu: “O, Joachim, Sanctae Conjux / Annae Pater almae Virginis / hic famulis confer salutis Opem” (“Oh, Joakim, Santa Anaren senarra, Ama Birjina loriatsuaren aita, salbamenerantz eroan itzazu zure mirabeak”). Lehen planoan, aurre-aurrean, Andra Mariaren gurasoak daude, zeruan dagoen bere alaba seinalatuz. Ama Birjinak, Sortzez Garbiaren itxuraz, ilargierdia dauka oinaldean. Bere gainean, Espiritu Santua irudikatzen duen usoa, albo banatan aingeru bat dagoela. Markoa, oso hondatua, XVII. mendekoa da, margolanaren garaikoa.

 

San Joakim eta Santa Ana irudikatzen duen margolana dago aldare buru.
San Joakim eta Santa Ana
San Joakim eta Santa Ana irudikatzen duen margolana dago aldare buru.