San Hiazinto Krakoviako (Atxondoa (Markina-Xemein))

Ermitako leihorik gabeko hormen atzean, zurezko ganga koloreaniztuna dago izkutua.

Kronologia:  XVII. mendea (1630 aldera)
Estiloa: Barrokoa
Udala: Markina-Xemein
Auzoa: Atxondoa
Koordenatuak: 43.273261,-2.498887

Ermita guztiak
DEITURA

Poloniako San Hiazinto Krakoviakoa  santuak (1185-1257) ikasketa ugari egin zituen: arte liberalak Pragan (Txekian), zuzenbidea Bolonian (Italian) eta teologia Parisen (Frantzian). Krakoviako kalonjea izendatua, Erromara joan zen; han San Domingo Guzman ezagutu eta domingotarren abitua hartu zuen. Poloniara itzuli zenean, ospe handia hartu zuen, mirari asko egin omen zituen eta. Krakovian bertan domingotarren komentu bat fundatu zuen; hortik misiolari asko abiatu ziren ipar Europarantz. Hiazinto bera joan zen Prusiara eta Errusiara sermolari; hori dela eta, “iparraldeko apostolu” izena ematen diote.

Usadioak dioenez, garai hartan suertatu zen bere miraririk ospetsuena: mongolek Kiev (Ukrania) hiria setiatu zutenean, hango komentuko kustodia salbatzen saiatu zen San Hiazinto; orduan, Andra Mariaren harrizko imajinak hitz egin eta hor bakarrik ez uzteko eskatu zion. Hiazintok hartzeko momentuan bertan, imajinaren pisua mirariz arindu zen. Beste batzuek diotenez, santua arerioen aurka joan zen, Dnieper ibaiaren uren gainean ibiliz, esku batean kustodia eta bestean Ama Birjinaren irudia zeramatzala. Horrexagatik, San Hiazintoren irudiek objektu hauek daramatzate: kustodia edo kopoia eta Andra Mariaren imajina. Markinako ermitan, ordea, belauniko irudikatu dute.

1594 urtean kanonizatu zuten eta abuztuaren 17an egiten da ospakizuna. Poloniako patroi izendatu zuten 1686an. Itotzeko zorian daudenek eta erdi-urren dauden emakumeek eskatzen diote laguntza San Hiazintori.

OHITURA ETA ERRITUAK

San Hiazinto Krakoviakoaren egunean, abuztuak 17, meza eman, erromeria ospatu eta prozesioa egiten da. Antzinako ohiturari jarraituz, Axpe baserriaren nagusiak, ermitako jabeak, bira ematen du ermitaren inguruan, prozesio-gurutzea daramala.

Urteak joan, urteak etorri, beste usadio batzuk galdu dira, hala nola: ermitarako prozesioak euria egin dezala eskatzeko, lehorte luzeen garaietan; hil-kanpaiak jotzea eta arrosarioa otoiztea zendutako auzotarren arimengatik… Lehen, seme-alabarik edukitzea lortzen ez zuten emakumeak joaten ziren ermitara, ondorengoak izateko eskatzera, bai eta jaiotako haurrak osasuntsu haztea eskatu nahi zutenak ere, baina usadio horiek ere guztiz desagertu dira azken urteotan.

ERAIKINA

Antso Lopitz Ugarteko Axpe jaunak fundatu zuen ermita XVI. mendean, eta XVII.ean berreraiki zuten. Bere aurrean Markinatik Ondarrorako errege bidea doa; beraz, bide-ermita dela esaten da.

Harlangaitz-hormetako eraikina da, izkinetan eta baoetan harlanduak dituena. Arku erdizirkularreko atea dauka eraikinaren oinaldean eta leiho bat hegoaldeko fatxadan. Ermitaren barruan, 23 arku lerrozuzeneko teilatu-zuraje  ederra dauka. Zinta deritzoneko zurezko zerrendek batzen dituzte arkuak; mailakatutako almena margoztuak dituzte zintok apaingarri. Zurgintza-lan bikaina da eta bere eredua dauka urbil dagoen Arrate (Eibar, Gipuzkoa) santutegiko sabaian, XVI. mendekoa. Zurezko estalki horiek ohikoak dira Euskal Herriko ermitetan, harrizko ganga garestien alternatiba ekonomikoagoa baitziren. Era berean, eraikinak luxu handiko itxura eduki dezan, aldare atzeko horma  margoztuta dago era berezi batean: goiko frisoa eta marmolak imitatuz.

Ermitako teilatu-zurajea estilo klasikoko lan ederra da.
San Hiazinto Krakoviakoa
Ermitako teilatu-zurajea estilo klasikoko lan ederra da.
Aldare atzeko horma goiko frisoa eta marmolak imitatuz margoztuta dago, ermitak luxu handiko itxura eduki dezan.
San Hiazinto Krakoviakoa
Aldare atzeko horma goiko frisoa eta marmolak imitatuz margoztuta dago, ermitak luxu handiko itxura eduki dezan.
HORNIDURA

Aldare buruan dauden erretaula eta San Hiazintoaren irudia klasizistak dira, XVII. mendekoak. Hala ere, oso eraldatuta daude, garai ezberdinetako pintura-geruzak direla eta. San Hiazintoren irudiak ez dauzka ohikoak diren ikurrak; aitzitik, bular gainean gurutzatzen ditu eskuak, zinta bati eutsiz. Zinta horretan, Ama Birjinak Hiazintori mirarizko agerraldian esango zion latinezko esaldi hau dago: “FILI HYACINE ORATIONES TUAE GRATAE SUNT FILIO MEO” (“Hiazinto semea, Nire Semeak atsegin ditu zure otoitzak”). Aldarearen aurrealdean ermita bera irudikatzen duen margolan itxurati dago, XIX. mendearen bukaerakoa omen dena.

Eskumako hormaren (ebanjelio-horma deritzonaren) gainean koadro bi daude: Kristo hilda aingeru baten besoetan irudikatzen du batek; besteak, XVII. mendekoa omen denak, Jesusen Santa Teresa.

Ezkerreko hormaren (epistola-horma deritzonaren) ondoan, zutabe txiki baten gainean datzan zurezko pulpitu txiki bat dago, hori ere XVII. mendekoa.

Kristo hilda, aingeru baten besoetan.
San Hiazinto Krakoviakoa
Kristo hilda, aingeru baten besoetan.
Aldarearen aurrealdean eukaristia eta ermita bera irudikatzen duen margolana dago.
San Hiazinto Krakoviakoa
Aldarearen aurrealdean eukaristia eta ermita bera irudikatzen duen margolana dago.
XVII. mendeko pulpitu txikia
San Hiazinto Krakoviakoa
XVII. mendeko pulpitu txikia
XVII. mendeko erretaula klasizista dago aldare buru.
San Hiazinto Krakoviakoa
XVII. mendeko erretaula klasizista dago aldare buru.
Jesusen Santa Teresa, XVII. mendeko koadroa.
San Hiazinto Krakoviakoa
Jesusen Santa Teresa, XVII. mendeko koadroa.