Done Eztebe Lehen Martiria (Gerekiz (Morga))

Done Eztebe ermitako hormetan bere sorrerari buruzko sekretuak daude gordeta.

Kronologia: XVIII. mendea (1770 / 1992an berreginda)
Estiloa: Herrikoa
Udala: Morga
Auzoa: Gerekiz
Koordenatuak: 43.299065,-2.738601

Ermita guztiak
DEITURA

Lehen martiri kristaua omen da Done Eztebe. I. mendearen hasieran bizi eta apostoluek izendatu zuten diakono bat izan zen. Eliza judutarraren jarrera eta Jerusalemeko tenpluaren erabilera merkantilista kritikatu zuen; hori zela eta, fariseuek biraoak egitea leporatu eta harrikatze hil-zigorra ezarri zioten. Martirizatzen zuten bitartean, Eztebek harrikatu zutenak barkatzea eskatu zuen.

Gizon gazte baten itxuraz irudikatu ohi dute, bizarbakoa. Diakonoz jantzita egoten da; hau da, dalmatika izeneko kapa labur batez, albo bietatik irekia eta ukondorainoko mahukekin. Normalean, bere martirioaren ikurra den harria eramaten du esku batean eta, bestean, palma. Garaipen-sinboloa da palma hori Antzinarotik eta, beraz, martirioa pairatu duten santuen ikurra, heriotza gailendu dutelako seinale.

OHITURA ETA ERRITUAK

Done Ezteberen egunaren goizean, abenduak 26, herri-erromeria egin eta meza ematen da.

Antzina, erreguteak egiten ziren, Morgako parrokiatik ermitaraino, Zeruratzearen (berrogei egun Pazko-domekaren ostean) aurreko hiru egunetan.

ERAIKINA

Gerekiz gainean dago Done Eztebe ermita. Bere ate nagusiaren gainean garai erromatarraren bukaerako estela biren kopiak daude: jatorrizkoak Bizkaiko Arkeologi Museoan daude. Hilarriak omen dira, hildakoei omenaldi egiteko inskripzioak dauzkanak. Batek forma angeluzuzena du eta hobi txiki bat dauka erdian. Severiana izeneko emakume batek Salvicalo Certimiori, bere senarra zenari, dedikatutako hilarria dela uste da ([SE]VERINIA CO/[NI]VGI SVO SALV[ICA]/LO CERTIMIO, “Severianak oroigarria eskaini zion Salvicalo Certimio bere senarrari”). Besteak forma xumeagoa dauka. Terencio izeneko gizon batek Semproniari, bere emazteari, dedikatu zion (TER[ENTIUS] SEMPRONIE / CONIVGI SUE / POSVET / MEMORIA [M] / CONS[ULATV] CCCC “Terenciok egin zion oroigarri hau Sempronia bere emazteari kontsulaldian 400” = 362. urtean).

Bere egiaztatutako antzinatasuna dela eta, Done Eztebe ermita hori Bizkaiko parrokiarik antzinenetakoa dela uste da, geroago ermita izatera murriztu bazen ere. Dena den, Erdi Aroaren bukaeran berregin zuten eraikina: hala adierazten du ojiba-arku arineko ate zaharrak. 1770ean ere berriztatu zuten ermita. Gainera, 1961an sute batek suntsitu zuen eta ez zen ia ezer gelditu, kanpoko hormak izan ezik. Sute hori zela eta, 1992an berregin zuten. Eraikin xumea da: harlangaitz-hormak eta zurezko estalpea dauzka.

Garai erromatarraren bukaerako estela, Severiana izeneko emakume batek Salvicalo Certimiori, bere senarra zenari, dedikatua.
(Arkeologi Museoa, Bizkaia).
Done Eztebe
Garai erromatarraren bukaerako estela, Severiana izeneko emakume batek Salvicalo Certimiori, bere senarra zenari, dedikatua. (Arkeologi Museoa, Bizkaia).
Garai erromatarraren bukaerako estela, Terencio izeneko gizon batek Semproniari, bere emazteari, dedikatu zion hilarria
(Arkeologi Museoa, Bizkaia).
Done Eztebe
Garai erromatarraren bukaerako estela, Terencio izeneko gizon batek Semproniari, bere emazteari, dedikatu zion hilarria (Arkeologi Museoa, Bizkaia).
Ojiba-arkuak ermita Erdi Aroaren bukaeran berregin zutela adierazten du.
Done Eztebe
Ojiba-arkuak ermita Erdi Aroaren bukaeran berregin zutela adierazten du.
HORNIDURA

Aldare buru, Done Ezteberen eskultura modernoa dago, trakets samarra, 1992. urtean (ermita azken aldiz berriztatu zuten urtean) zizelkatua. Belauniko irudikatzen du santua, eskumako harria (bere martirioaren ikurra) daramalarik. Bere alboan, putti izeneko aingerutxo bi daude; horiek barrokoak omen dira, XVIII. mendekoak, eta, antza, sutetik salbatu zituzten objektu bakarrak dira.

Done Eztebe, ermitaren patroia (irudi modernoa, trakets samarra)
Done Eztebe
Done Eztebe, ermitaren patroia (irudi modernoa, trakets samarra)