Done Kristobal eta Done Petri Apostolua (Zarrabenta (Mendata))

Baserri eta mendien artean kokatuta, herri-ermita soilak hiru koloreaniztuneko eskultura dauzka barruan.

Kronologia: XVI eta XVIII. mendeak (1793-1795)
Estiloa: Errenazimentua eta Barrokoa
Udala: Mendata
Auzoa: Zarrabenta
Koordenatuak: 43.287773,-2.635083

Ermita guztiak
DEITURA

Done Kristobalen izenpeko dago ermita eta, beraz, santu horren irudia dago aldare buru. Kanaaneko erraldoia zen Kristobal, eta lepoan eramaten zituen bidaiariak, ibaieko ibi arriskutsua zeharkatzen laguntzeko asmoz.

Kondairak dioenez, behin umetxo bati lagundu zion ibaia zeharkatzen; oso astuna zen umea, eta horrek Kristobal harritu zuen. Haurtxoak, orduan, Kristo bera zela adierazi eta munduko bekatu guztien sama zeramala esan zion. Egia zela sinestaraztekotan, makila lurrean sartzeko eskatu zion Kristobali: berehala, makila fruituz betetako palmondoa bihurtu zen. Orduan, umetxoak erraldoia bataiatu eta ebanjelioa zabaltzeko agindu zion. Hori dela eta, Kristobal izenez ezagutzen dugu erraldoia, izen horrek “Kristoren eramailea” esan nahi baitu grezieraz. Erraldoi baten itxuraz irudikatzen dute, Jesus Haurra lepoan eta eskuan fruituz betetako makila loreduna daramalarik.

Petri, bestalde, Jesusen begikoen dizipuluetako bat izan zen; “apostoluen printzearen” izena hartzen du eta lehendabiziko aita santua izan zela onartzen du eliza katolikoak. Petri apostoluaren irudiak ezaugarri hauek izaten ditu: giltzak, Jaungoikoaren erresumaren ikurra; oilarra, bere ukapenen oroigarria; gurutzea, Erroman 67. urtean gertatutako bere martirioaren ikurra; makila, artzain izatearen ikurra; eta arraina, Jesus Nazaretekoaren aginduaren arabera “giza-arrantzale” izatearen sinboloa.

OHITURA ETA ERRITUAK

Done Petriren egunean, ekainak 29, meza ematen da. Hala ere, aspaldi ez da erromeriarik egiten.

Bertan behera utzitako beste ohitura batzuk ere badaude: Zeruratzearen (berrogei egun Pazko-domekaren ostean) aurreko martitzenean, Asentziñoko Letañiek (hau da, Zeruratze egunaren letaniak) izeneko prozesioa egiten zen, Mendatako Done Mikel Goiaingeruaren parrokiatik zetorrena. Egun hartan, abadeak ura bedeinkatzen zuen eta eliztarrek hartzen zuten, soroetan eta ortuetan ihinztatzeko, uzta ugariak lortzearren.

ERAIKINA

Bere ate nagusia XVI. mendekoa bada ere, 1736. urtera erte ez dago ermitari buruzko berri idatzirik. Dokumentazioaren arabera, 1793 eta 1795aren artean berreraiki zuten, eta Ignazio Arexitak berriztatu zuen 1878. urtean. Hasiera batean, ermita Done Kristobalen izenpeko zegoen; hala ere, herriko usadioak dioenez, Urkitza baserriaren hurbileko Sanpedrogana deritzon tokian zegoen baseliza desagertu zenean, zeina Done Petriren izenpeko zegoen, apostoluaren irudia Done Kristobal ermitara ekarri zuten. Ordutik aurrera, Done Kristobal eta Done Petri apostoluen izenpeko egon da ermita.

Azken urteotan, birritan berriztu dute ermita, 1972an eta 2004an.

Oinplano karratua eta zuritutako harlangaitz-hormak ditu; izkinetan, berriz, harlanduak dauzka. Lau isurkiko teilatua dauka; erdi-puntuko arkuko ate nagusia, harrizko dobela handiek osatua, lau zutaberen gaineko atari batek babestua dago. Hasiera batean, ermitak ez zeukan leihorik, aldarearen ondoko gezileiho txikia izan ezik; 1972an, ordea, beste bao bat ireki zuten.

Barruko aldea oso xumea da, eta teilatu-zuraje berria dauka.

Ate nagusia, harrizko dobela handiek osatuta, XVI. mendekoa omen da.
Done Kristobal eta Done Petri Apostolua
Ate nagusia, harrizko dobela handiek osatuta, XVI. mendekoa omen da.
Lau zutaberen gaineko atari batek babesten du ate nagusia
Done Kristobal eta Done Petri Apostolua
Lau zutaberen gaineko atari batek babesten du ate nagusia
1972an beste bao bat ireki zuten arte, ermitak ez zeukan leihorik, gezileiho txiki hau izan ezik.
Done Kristobal eta Done Petri Apostolua
1972an beste bao bat ireki zuten arte, ermitak ez zeukan leihorik, gezileiho txiki hau izan ezik.
Teilatu-zurajea berria da.
Done Kristobal eta Done Petri Apostolua
Teilatu-zurajea berria da.
HORNIDURA

Burualdean harrizko hiru idulki daude. Horien gainean ipintzen dituzte ermitako patroien tailuak: zurezkoak eta koloreaniztunak.  Done Kristobalen irudia gotikoa da, XIV. mendekoa, eta bedeinkatzeko keinua egiten duen Haurra darama lepoan. Bere alboan Done Petri eta Done Pauloen irudiak daude, biak erlazionatuta, gure tenpluetan ohikoa den moduan. Done Petrik giltzak daramatza eta Done Paulok ezpata bat, bere martirioaren ikurra. Barrokoak dira irudiok, XVII. mendearen hasierakoak.

Burualdean, harrizko hiru idulkiren gainean ipintzen dituzte ermitako patroien irudiak.
Done Kristobal eta Done Petri Apostolua
Burualdean, harrizko hiru idulkiren gainean ipintzen dituzte ermitako patroien irudiak.
Done Kristobalen (ermitaren patroiaren) irudi gotikoa
Done Kristobal eta Done Petri Apostolua
Done Kristobalen (ermitaren patroiaren) irudi gotikoa
Done Petriren irudi barrokoa, alboan dagoen Done Pauloren irudiari lotua.
Done Kristobal eta Done Petri Apostolua
Done Petriren irudi barrokoa, alboan dagoen Done Pauloren irudiari lotua.
Done Pauloren irudi barrokoa, alboan dagoen Done Petriren irudiari lotua.
Done Kristobal eta Done Petri Apostolua
Done Pauloren irudi barrokoa, alboan dagoen Done Petriren irudiari lotua.