Done Bartolome Apostolua (Launtza (Larrabetzu))

Kanpoaldean zizelkatutako Kristo gurutziltzatu enigmatikoa da ermitaren jagolea.

Kronologia: XVI. mendea
Estiloa: Gotikoa – Errenazimentua
Udala: Larrabetzu
Auzoa: Launtza
Koordenatuak: 43.270003,-2.80167

Ermita guztiak
DEITURA

Jesus Nazaretekoari lagundu zioten hamabi apostoluetako bat da Bartolome. Bibliak aipatzen duenez, Tiberiade itsasoan Jesus piztu ondoren ikusi zuten dizipuluetako bat izan zen; Kristoren Zeruratzearen lekukoa ere izan zen. Usadioaren arabera, Arabiara eta Mesopotamiara joan zen ebanjelioa zabaltzera, eta berak ebanjelizatu zuen Armenia. Hor bertan pairatu zuen martirioa: tenplu paganoen apaizek Bartolomeren predikuak salatu zituztenean, erregeak deitu zion, kristautasunari uko egitera behartzeko asmoz. Santuak ezetz esan zuen eta, ondorioz, erregeak hil arte larrutzeko agindu zuen.

Larrutzeko momentuan bertan irudikatu ohi dute Bartolome, zuhaitz edo oinaze-zaldi batera lotuta. Beste batzuetan, esku batean martirioan erabili zuten labana eta bestean bere larrututako azala daramalarik irudikatzen dute. Santu martiria denez gero, palma ere eroan ahal du, heriotza gailendu duenaren ikurra. Beste irudi batzuetan deabrua zapaldu eta kate batez lotzen du, bere mirari baten oroigarri gisa: usadioaren arabera, Bartolomek Belial izeneko deabrua erakusteko eskatu zion Kristori; Kristok, orduan, deabrua agerrarazi zuen eta “zapal ezazu lepondoan eta galdetu ezazu” agindu zion apostoluari.

Larrua lantzen dutenen patroia da; nerbio-gaixotasunak sendatzen dituela ere uste da.

OHITURA ETA ERRITUAK

Done Bartolomeren egunean, abuztuak 24, meza eman eta erromeria egiten da. Antzina, egun horretan prozesioa egiten zen ermitaraino, Larrabetzuko parrokiatik.

Ama izan direnak ermitara etorri ohi dira beren seme-alabekin, haurrek ondo lo egiteko eta amesgaiztorik ez edukitzeko eskatzera. Horretarako, kandelak eskaintzen dizkiote santuari.

ERAIKINA

Larrabetzuko herrigunetik kilometro batera dago Done Bartolome ermita, muino txiki baten gainean, sakabanatutako baserriek inguratuta. Ermitari buruzko lehen aipamena XVII. mendekoa bada ere, bere leihoek XVI. mendearen hasierako urteetan eraiki zutela adierazten dute; beste ermita antzinago baten tokian, ziur asko. Mendeak igaro ahala, hainbat alditan berregin dute, gaur egun duen itxura eduki arte.

Oso ondo landutako harriez eraiki zuten; hala ere, harrien itxuraren eta tamainaren aldeko ezberdintasunek ermita hainbat zatitan egin zutela ustearazten dute. Erdi-puntuko arkuko atea dauka. Barrualdean, bi isurkiko teilatu-zurajea zurezko zutikoen gainean datza, lau ataleko nabea sortuz. Aipagarriak dira ermitako leihoak: hegoaldeko horman ojiba-arkuko leiho bikia dago; burualdean, bao trilobulatuko beste leiho biki bat dago, gainean gurutze txikia eta molduradun bao angeluzuzena dauzkana.

Hegoaldeko hormako silarri batean, Kristo gurutziltzatuaren zizelatutako irudia dago; barrualdera begira egon omen zen irudia baina, ermitako berreraikitzeren batean, kanpora begira jarri zuten.

Ermita XVI. mendearen hasieran eraiki zutela adierazten dute leihoek.
Done Bartolome Apostolua
Ermita XVI. mendearen hasieran eraiki zutela adierazten dute leihoek.
Erdi-puntuko arkuko atea.
Done Bartolome Apostolua
Erdi-puntuko arkuko atea.
Hegoaldeko horman ojiba-arkuko leiho bikia dago.
Done Bartolome Apostolua
Hegoaldeko horman ojiba-arkuko leiho bikia dago.
Burualdeko leiho biak ermitako ezaugarri esanguratsuak dira.
Done Bartolome Apostolua
Burualdeko leiho biak ermitako ezaugarri esanguratsuak dira.
Kristo gurutziltzatuaren irudia ermitako barrualderara begira egon omen zen.
Done Bartolome Apostolua
Kristo gurutziltzatuaren irudia ermitako barrualderara begira egon omen zen.
HORNIDURA

Gaur egun ez dago irudirik ermitan; hala ere, antzina lau eskultura eduki zituen: Bartolome Zaharra deritzona, Santa Katalina, Done Sebastian eta Done Bartolome berria. Eskultura guzti horiek zurezkoak eta polikromoak dira; batzuk, ordea, garai modernoan berpintatu dituzte. Santa Katalina, Done Sebastian eta Done Bartolome berriaren irudiak Goikolexeko parrokian daude; San Bartolome Zaharra, berriz, Bizkaiko Eleiz Museoan dago ikusgai.

Done Sebastian gotikoko bukaerako eskultura da, 1525 alderakoa. Zutoin batera dago lotuta, eskuak atzean dituelarik. Oihal bat baino ez du janzten, aldaken parean. Gorputzaren alde batean, odola darion zauri bat, bere martirioaren oroigarri: hor gezi bat egon zen, geziez josita hiltzera zigortu baitzuten santua.

Bartolome Zaharra eta Santa Katalinaren irudiak manieristak dira, XVI. mendearen bukaerakoak. Bartolome Zaharrak adineko gizon bizardunaren itxura du eta Michelangeloren eskulturen hazpegiak hartzen ditu eredu. Ohikoa denez, deabrua zapalduz irudikatu dute. Santa Katalinak soineko nobleak eta koroa janzten ditu. Ezkerreko eskuan liburu irekia dauka, bere jakinduriaren ikurra; eskumakoan palma edo ezpata (burua moztuta martirizatu zutenaren seinalea) eraman omen zuen. Bere oinaldean, gizon bizardunaren burua dago, koroa jantzita: Maximiano enperadore erromatarra da; berak agindu zuen Katalina hiltzea, jainko paganoen aldeko sakrifizioak egiteari uko egiteagatik edo, beste bertsio batzuen arabera, enperadorearekin ezkontzeari uko egiteagatik.

Goikolexeko parrokian dagoen Done Bartolomeren irudia eraman ohi da ermitara santuaren egunean, abuztuak 24. Irudi barrokoa da, XVIII. mendearen erdikoa, ederra eta itxura dinamikokoa, baina oso era itxusian berpintatua. Eskumako eskuan liburua darama; ezkerrekoan santua larrutzeko erabili zuten labana eroan omen zuen.

Goikolexeako elizaren sakristian dagoen San Sebastian (gotikoaren bukaerako irudia).
Done Bartolome Apostolua
Goikolexeako elizaren sakristian dagoen San Sebastian (gotikoaren bukaerako irudia).
“Bartolome Zaharra” izeneko irudi manierista, Bizkaiko Eleiz Museoan dagoena.
Done Bartolome Apostolua
“Bartolome Zaharra” izeneko irudi manierista, Bizkaiko Eleiz Museoan dagoena.
Santa Katalinaren irudi manierista, Goikolexeako elizaren sakristian dagoena.
Done Bartolome Apostolua
Santa Katalinaren irudi manierista, Goikolexeako elizaren sakristian dagoena.
Goikolexeko elizaren sakristian dagoen San Bartolome, erromeria-egunean ermitara ekartzen dutena (irudi barrokoa).
Done Bartolome Apostolua
Goikolexeko elizaren sakristian dagoen San Bartolome, erromeria-egunean ermitara ekartzen dutena (irudi barrokoa).