Sorospenaren Andra Maria eta San Pantaleon (Pobeña (Muskiz))

Itsas-tradizioko ermita, Muskizko meatze-iraganari lotuta.

Kronologia: XVIII. mendea
Estiloa:  Barrokoa (herrikoa)
Udala: Muskiz
Auzoa: Pobeña
Koordenatuak: 43.346497,-3.121751

Ermita guztiak
DEITURA

Andra Maria irudikatzeko tradizio kristauko eretako bat da Sorospenaren Andra Maria. Ama modura irudikatzen dute, Haurra besoetan daramalarik, laster pairatuko duen pasioaren aurrean kontsolatuz; pasioa adierazteko, biek ala biek gurutzeak daramatzate.

Arriskuaren aurrean eskatzen da Sorospenaren Andra Mariaren babesa; hori dela eta, nabigatzaileen gogokoena da, itsasoan beti arriskuan egoten baitira. Halako arrisku-egoera batengatik eraiki zuten Sorospenaren Andra Maria ermita, hain zuzen ere.

San Pantaleon, berriz, martiri kristaua izan zen. Nikomedian (egungo Turkian) jaio eta medikua izan zen. Gaixotasunak sendatuz ospe handia lortu zuen eta, gainera, hainbat mirarizko sendaketa egin zituen; hori zela eta, bezero asko eta, beraz, etsaitasuna eskuratu zuen: bere kideek kristaua zela salatu zuten. Heriotza-zigorra ezarri zioten eta hainbat tormentu pairatu zituen; azkenik, burua moztu zioten IV. mendearen hasieran.
Usadioak dioenez, pikondo siku baten azpian hil zuten eta bere odolak loratarazi zuen; horregatik zuhaitz horrekin irudikatu ohi dute. Batzuetan bisturi bat darama, medikua izatearen oroigarri. Buruko minak eta tuberkulosiaren aurka babesteko eskatzen zaio.

OHITURA ETA ERRITUAK

Ermitaren izenpeko dauden egunak Sorospenaren Andra Maria, azaroak 8, eta Betiko Sorospena, ekainak 27, badira ere, Andra Mariaren jaiotze egunean, irailak 8, ospatzen da jai nagusia. Egun horren aurreko bederatzi egunetan bederatziurrena errezatzen zaio Ama Birjinari eta egun horretan bertan etengabeko mezak ematen dira, goizeko seiretatik gaueko hamaikak arte; hala ere, antzina gau osoan luzatzen ziren ospakizunak.

Azken meza emanda, prozesioa egiten da Ama Birjinaren irudia Pobeñako San Nikolas Barikoaren parrokiara eramanez; hor meza nagusia ematen da. Parrokian lagatzen dute Ama Birjinaren irudia, urriko lehenengo domekara arte; orduan prozesio nagusia egiten da ermitaraino; prozesio horrek bide ezberdin batetik bueltatu behar du, Ama Birjina manto ezberdin batez jantzita.

Antzina, ermitan biltzen ziren arrantzaleak, itsasoaren egoera ikusteko eta ateraldia prestatzeko. Horrela, ermitan bertan eskatzen zuten Ama Brijinaren babesa, itsasoratu aurretik. Horregatik, arrantzaleek Ama Birjinaren irudiari laguntzen diote prozesio egunetan, arraunak goian daramatzatela, ermitatik parrokiaraino. Hor, arraunak batzen dituzte buruen gainetik, Ama Birjina elizara sartzeko korridorea osatuz.

Badago himno bat, Sorospenaren Andra Mariaren ohoretan:
Virgen del Socorro, / de Pobeña honor, / tus hijos un himno / te cantan de amor. / Ave, Ave, Ave María. / Las más bravas olas / tu roca al tocar / sus encajes tienden / al pie de tu altar. / Ave, Ave, Ave María. / Pobeña te aclama / Socorro sin par, / Reina de los cielos, / la tierra y el mar. / Ave, Ave, Ave María.

(“Sorospenaren Andra Maria horri, Pobeñako ohoreari, zure seme-alabek maitasun-himnoa abesten dizute. Agur, agur, agur Maria. Zure arroka ukitzen dutenean, olatu kementsuenek beren parpaila hedatzen dute zure aldarearen oinaldean. Agur, agur, agur Maria. Pobeñak aldarrikatzen dizu, Sorospenaren Andra Maria paregabe horri, zeru, lur eta itsasoen erregina. Agur, agur, agur Maria”)

ERAIKINA

Sokorro muinoaren gainean dago ermita, Arena hondartzaren ondoan, San Pantaleon izeneko kobazuloaren gainean. Horregatik Sorospenaren Ama eta San Pantaleon izenpeko dago.

XII. mendetik egon da Andra Mariarekiko debozioa Pobeñan: 1102. urtean lur horietako ugazabandreak, Elo Velazquezek, Pubeiako Santa Maria eliza, jauregia, eskubideak, ondazunak et mare cum suo porto eman zizkion Errioxako Donemiliaga Kukula monasteriori. Ez dakigu gaur egungo ermita eliza hori zegoen leku berberean dagoen, egungoa 1768 aldera eraiki baitzuten, Pedro Llano kapitainak, muzkiztarra berak, egindako agintzaren ondorioz. Izan ere, El Colón izeneko pakebotean Habanatik Coruñara zihoalarik, itsasoko ekaitz baten ostean bizirik iraun zuen. 1859an berriztu zuten ermita, kanpai-dorrea eraikiz, bai eta XX. mendearen 80. hamarkadan ere.

Pobeñako paduratik heltzen da ermitara, harrizko eskailera batetik; Arena hondartzatik ezin da eskailera ikusi, arte hostotsu gerizpean baitago. Jai egunetan baino irekitzen ez duen burdin sare batek zarratzen du eskailera hori. Parajea meatze-gune garrantzitsua izan zen XIX eta XX. mendeetan; izan ere, Itsaslurreko ikuztegietaraino ailegatzen zen Orconera enpresaren airetiko tranbiaren hainbat argazkitan ikusten da Pobeñako ermita.

Eraikineko oinplanoa angeluzuzena da, nabe bakarrekoa. Harlangaitz-hormak eta bi isurkiko estalpea dauzka. Atearen gainean ERMITA VIRGEN DEL SOCORRO / POBEÑA (“Sorospenaren Andra Maria ermita, Pobeña”) dioen inskripzioa dago. Barruan, oinaldean, zurezko koru garaia dago.

Hainbat motibo apaingarri daude, Pedro Llano kapitainak pairatu zuen itsasoko ekaitzaren oroigarri.
Sorospenaren Andra Maria eta San Pantaleon
Hainbat motibo apaingarri daude, Pedro Llano kapitainak pairatu zuen itsasoko ekaitzaren oroigarri.
Artadi baten zehar doan eskailera batetik heltzen da ermitara.
Sorospenaren Andra Maria eta San Pantaleon
Artadi baten zehar doan eskailera batetik heltzen da ermitara.
Orconera enpresaren airetiko tranbiaren hainbat argazkitan ikusten da Pobeñako ermita.
Sorospenaren Andra Maria eta San Pantaleon
Orconera enpresaren airetiko tranbiaren hainbat argazkitan ikusten da Pobeñako ermita.
Egurrezko korua, ermitaren oinaldean.
Sorospenaren Andra Maria eta San Pantaleon
Egurrezko korua, ermitaren oinaldean.
HORNIDURA

Ermitako aldare barrokoaren buru Sorospenaren Andra Mariaren irudia dago. Janzteko modukoa da irudia; hau da, Andra Mariaren eta Haurraren aurpegiak eta eskuak baino ez daude zizelkatuta, arropekin estaltzen den zurezko egitura izanik gorputzak. XVIII. mendekoa da. Erretaularen goiko aldean beste irudi bat dago: eskuak elkarri lotuta dauzkan gizona, estilo gotikoa imitatzen omen duena.

Ermitako koruan zurezko erliebea dago. Sorospenaren Andra Mariaren ontzi bat urperatzetik libratzeko mirarizko bitartekotza irudikatzen du erliebe horrek.

Itsas-bokazio handiko ermita denez gero, hainbat botozko objektu daude barruan; hau da, nabigatzaileek Sorospenaren Amaren bitartekotza eskertzeko uzten dituzten ofrendak: arraunak, itsasontzi-maketak… Objektu horien artean, azpimarratzekoa da ermitaren sustatzaileak, Pedro Llano kapitainak, enkargatu zuen margolana. Berak tripulatutako El Colón pakebotea Habanatik hurbil hondoratzetik mirariz salbatu zuelako eskerrak emateko enkargatu zuen. Hori dela eta, margolanak istorio hori adierazten duen inskripzioa dauka:

Dia 15 de Oct[ub]re de 1768, entre 4 y 5 de la tarde, hallandose, el paqvebot / correo de sv Mag[esta]d El Colon, del mando de d[o]n Pedro de Llano, / treinta millas al norte del puerto de La Havana, de el / que con destino a La Coruña habia salido el dia antecedente, / y estando a la vretona con svs maiores y mezana arriadas / y jvanetes abajo, le sovrebino un tan biolentisimo Vrecan / que haciendo obedezer el barco hasta qve mvcha parte / de la escotilla se pvso debajo de la mar, se qvedo totalmente dor/mido, y contemplando toda sv tripvlazion zozobrase en a/qvel ynstante, ymploraron de beras a la milagrosa Madre de / Dios del Socorro, por cvia yntercesion lograron del altisimo / tregvas para picar el palo maior con lo que ynmediatamente / salieron de tan conflito, y al 4 dia pvdo entrar en La / Habana en bandolas sin qve nadie vbiese padecido / la menor lesion.
A debozion de d[o]n Pedro de Llano.

“1768ko urriaren 15ean, arratsaldeko 4 eta 5 artean, Pedro del Llano jaunak gidatutako El Colón pakebotea, erregearen mezularia, aurreko egunean Coruñarako bidean atera zena, Habanako portutik iparrerantz hogeita hamar miliatik zegoelarik, eta bretoia eta mezana jaitsiak eta zurgaiko behian zeuzkalarik, hain urakan bortitz gertatu ezen, eskotila urpean egon arte itsasontzia obedituaraziz, lo seko geratu baitzen; orduan, tripulazio osoa larrituta ikusirik, Sorospenaren Andra Mariari, Jaungoikoaren Amari, erregutu zioten sutsuki. Bere bitartekotzari esker Goi-goikoak masta nagusia zuzentzeko tregoa egitea lortu zuten, eta berehala larrialditik atera ziren. Horri esker 4 egun igarota Habanan sartzea lortu zuen inork kalterik pairatu gabe”.

Bizkaiko botozko objekturik antzinena da koadro hori.

1981. urtean aldarea eta San Pantaleonen irudia jarri zituzten kobazuloan. Gaur egun, ermitaren barruan dago eskultura.

Ermita buru dagoen erretaula barrokoa
Sorospenaren Andra Maria eta San Pantaleon
Ermita buru dagoen erretaula barrokoa
Sorospenaren Andra Maria
Sorospenaren Andra Maria eta San Pantaleon
Sorospenaren Andra Maria
Egurrezko erliebe honek ontzi-urperatzea ekiditeko Sorospenaren Andra Mariaren bitartekotza irudikatzen du
Sorospenaren Andra Maria eta San Pantaleon
Egurrezko erliebe honek ontzi-urperatzea ekiditeko Sorospenaren Andra Mariaren bitartekotza irudikatzen du
Nabigatzaileek Sorospenaren Andra Mariari utzitako ofrendak
Sorospenaren Andra Maria eta San Pantaleon
Nabigatzaileek Sorospenaren Andra Mariari utzitako ofrendak
Bizkaiko botozko objekturik antzinena (1768)
Sorospenaren Andra Maria eta San Pantaleon
Bizkaiko botozko objekturik antzinena (1768)
San Pantaleonen irudia, jatorriz Sokorroko kobazuloan zegoena
Sorospenaren Andra Maria eta San Pantaleon
San Pantaleonen irudia, jatorriz Sokorroko kobazuloan zegoena