Elurretako Andra Maria (Erdotza (Markina-Xemein))

Ibiltarientzako ostatu bat egon zen ermitaren alboan, Donejakue bideko erromes-toki jendetsu honetan.

Kronologia: XV. mendea (1500 aldera)
Estiloa: Gotikoa
Udala: Markina-Xemein
Auzoa: Erdotza
Koordenatuak: 43.264796,-2.512995

Ermita guztiak
DEITURA

Elurretako Andra Maria, Ama Birjina gurtzen deneko deiturarik antzinenetako bat da –IV. mendekoa, hain zuzen ere– Italian, Espanian, Portugalen eta Latinoamerikan oso hedatua. Liberio (352-366) aita santuaren garaikoa omen da debozio horren jatorria. Diotenez, Erromako adineko senar-emazte patrizio aberatsek, karitate handikoek, Ama Birjina izendatu zuten oinordeko, seme-alabarik ez zuten eta; orduan, Birjinari egin zioten otoitz, herentzia nola kudeatu erakus diezaieten. Tradizio katolikoaren arabera, Andra Maria bera agertu zitzaien, eta berak seinalatuko zuen tokian eliza bat eraikitzeko agindu zien. Abuztuaren 5eko goizalde eguzkitsuan Erromako Esquilino muino tontorrean elurra egin zuen eta eliza oinplano baten forma irudikatu zuen elurrak. Orduan, senar-emazteek Birjinaren seinalea zela ulertu zuten; beraz, aita santuari esan ostean, eliza berriaren lanak egiteari ekin zioten. Urtebete igarota bukatu zituzten lanak, patrizioen finantzazioari eta Elizaren babesari esker. Eliza hori, askotan zaharberrituta eta handituta, Erromako Andre Maria Nagusia izeneko basilika da.

OHITURA ETA ERRITUAK

Ama Birjinaren jaiotzaren egunean, irailak 8, meza nagusia ematen da eta erromeria egiten da. Antzina, erreguteak egiten ziren Zeruratzearen (berrogei egun Pazko-domekaren ostean) aurreko hiru egunetan: prozesioa Markinako parrokia-elizatik etortzen zen eta buelta bat ematen zuen ermitaren inguruan; osteko mezatan ura bedeinkatzen zuten, joandakoen artean banatzeko. Beste ohitura bat ere bazegoen: haur negartiak eta iztaietan erredurak zituztenak eramaten zituzten ermitara, elkarren segidako bederatzi egunetan, Ama Birjinak beraien alde egin zezan.

Auzokoen arabera, ibaiaren eta ermitaren artean Ziortza-Bolibarrerako errege-bidea (herrikoek Donejakue bidearekin parekatzen dutena) zihoan; hortik eramaten zituzten hilkutxak Ziortzako kolejiatako kanposantura.

ERAIKINA

Elurretako Andra Mariaren ermita 1500. urtearen inguruan eraiki zuten, Donejakue bidearen ondoan; hor, usadioaren arabera, erromes-ostatu bat ere egon zen. Nabe bakarreko eraikin xumea da. Deigarria da, oso, bere zurezko estalkia: teilatu-hegal  zabala du, zurezko ziriz jositako jabaloi handien eta harrizko modiloi edo ukondoen gainean. Estruktura hori oso ohikoa da herri-arkitekturan. Ermitaren kanpoko aldean, arku-zorrotzadun atearen ondoan, ur bedeinkatutarako harrizko ontzi  nabarmena dago. Baselizak leiho estuak (gezileiho deritzonak) dauzka; hegoaldeko horman, ordea, koruaren parean, jarlekudun leiho biki  nabarmena dauka. Horrek arinki puntatutako bao bi ditu eta, haien artean, mainel izeneko zutabe txiki bat. Ermitaren barnera, bi isurkiko estaldura dago; burualdean, ostera, zeru  izeneko ganga berezia dago: erdi kanoi formako hauts-babesa, kontsakrazioan eukaristia babesteko balio duena. Eraikinaren oinaldean korua  dago; bere frontala edo habe nagusia harresiei itsatsitako zutoinetan datza. Ermitako zorua  arrain-hezurren forman jarritako adreilu trinkozkoa da.

XVIII. mendean, gaur egun duen trazadurara aldatu zen bidea; ondorioz, kapera txiki bat eraiki zen, jatorrizko ermitatik metro gutxira, Elurretako Andra Mariaren eta erromesen arteko harremanari eusteko asmoz. Santutxu izena du kapera horrek eta ermita limosnaria da; hau da, ibiltariek edo erromesek Ama Birjinaren mesedea burutzeko ematen dituzten limosnak jasotzea da bere helburu nagusia. Oinplano karratuko eraikina da, harlangaitz-hormak eta lau isurkiko estaldura dituena. Aurreko hormak burdin sarea du, leiho handi bat estaltzen duena. Horren zehar, erretaulan  dagoen Ama Birjina eta Haurraren irudia ikusten da. Ermitako kanpoaldean, antzinako harrizko limosna-ontzia  dago.

Kanpoko aldean, teilatu-hegala ziriz jositako jabaloi handien eta harrizko modiloien gainean datza.
Elurretako Andra Maria
Kanpoko aldean, teilatu-hegala ziriz jositako jabaloi handien eta harrizko modiloien gainean datza.
Arku-zorrotzadun atearen ondoan, ur bedeinkatutarako harrizko ontzi nabarmena dago.
Elurretako Andra Maria
Arku-zorrotzadun atearen ondoan, ur bedeinkatutarako harrizko ontzi nabarmena dago.
Jarlekudun bao bikia, ermitako leihorik handiena.
Elurretako Andra Maria
Jarlekudun bao bikia, ermitako leihorik handiena.
Burualdean, zeru izeneko ganga berezia dago: erdi kanoi formako hauts-babesa, kontsakrazioan eukaristia babesteko balio duena.
Elurretako Andra Maria
Burualdean, zeru izeneko ganga berezia dago: erdi kanoi formako hauts-babesa, kontsakrazioan eukaristia babesteko balio duena.
Ermitako oinaldean zurezko korua dago.
Elurretako Andra Maria
Ermitako oinaldean zurezko korua dago.
Ermitako zorua arrain-hezurren forman jarritako adreilu trinkozkoa da.
Elurretako Andra Maria
Ermitako zorua arrain-hezurren forman jarritako adreilu trinkozkoa da.
Santutxu izeneko ermita limosnaria eraiki zuten XVIII. mendean, bide berriaren ondoan.
Elurretako Andra Maria
Santutxu izeneko ermita limosnaria eraiki zuten XVIII. mendean, bide berriaren ondoan.
Ama Birjina eta Haurraren irudia, ermitako erretaulan
Elurretako Andra Maria
Ama Birjina eta Haurraren irudia, ermitako erretaulan
Harrizko limosna-ontzia, ibiltariek edo erromesek ematen dituzten limosnak jasotzeko.
Elurretako Andra Maria
Harrizko limosna-ontzia, ibiltariek edo erromesek ematen dituzten limosnak jasotzeko.
HORNIDURA

Ermitaren burualdean, aldarea dagoen aldean, XV. mendeko irudia dago. Herritarrek Santa Apolonia dela dioten arren, ziur asko Magdalenaren irudia  da. Izan ere, arropa zurrunak janzten ditu eta esku batean kopoia darama; kopoi hori da, antza, Maria Magdalenaren berezko lurrin-ontzia.

Eskultura horren alboan, XVI. mendeko San Antonen irudia  dago. Etxe-animalien patroia da santu hori. Eskumako eskuan liburu irekia darama eta oinaldean txerri bat dauka. Santuaren beste irudi  bat ere badago, XVI. mendearen bukaerakoa, koru azpiko leiho batean.

Ezkerreko horman (epistola-horma deritzona) Santa Isabel Hungariakoaren irudia  dago, idulki baten gainean, ezkerreko eskuan palma eta eskumakoan liburuak daramatzalarik, izur handiak dituen mantua jantzita. 1970ean Francisco Javier Barcon Furundarena jesuitak eman zuen XVIII. mendeko artelan hori.

Santutxuan rococo estiloko erretaula  txiki bat dago, 1764-1768koa. Elurretako Andra Mariaren  irudia dago erretaula horretan, benetako ilezko ardatzak aurpegia estaltzen duelarik. Besoetan Jesus Haurra darama; berak amari so egiten dio, irudi ederra osatuz. Eibarko Hilario Mandizabalek 200 erreal kobratu zituen eskultura horren burua eta eskuak egiteagatik (izan ere, gorputzaren gainerakoa jantziek estaltzen duten manikia da).

Andra Maria Magdalenaren irudia, Santa Apoloniarekin nahastu ohi dena.
Elurretako Andra Maria
Andra Maria Magdalenaren irudia, Santa Apoloniarekin nahastu ohi dena.
San Antonen (etxe-animalien patroiaren) irudia, XVI. mendekoa.
Elurretako Andra Maria
San Antonen (etxe-animalien patroiaren) irudia, XVI. mendekoa.
San Anton (XVI. mendearen bukaerakoa).
Elurretako Andra Maria
San Anton (XVI. mendearen bukaerakoa).
Santa Isabel Hungariakoa (XVIII. mendekoa).
Elurretako Andra Maria
Santa Isabel Hungariakoa (XVIII. mendekoa).
Santutxuan rococo estiloko erretaula txiki bat dago
Elurretako Andra Maria
Santutxuan rococo estiloko erretaula txiki bat dago
Elurretako Andra Mariaren irudia, ermitaren patroia.
Elurretako Andra Maria
Elurretako Andra Mariaren irudia, ermitaren patroia.