Andra Mariaren Jasokundea eta San Antonio Paduakoa (La Herrera (Zalla))

Hilobi-ermita ederra Urrutia sendi noblearen lur-eremuetan.

Kronologia: XVII. mendea
Estiloa: Barrokoa
Udala: Zalla
Auzoa: La Herrera
Koordenatuak: 43.205872,-3.172598

Ermita guztiak
DEITURA

Partikularrek babestutako ermitak Jesusgandik hurbileko pertsonen izenpeko egon ohi dira; izan ere, pertsona horiek bitartekoak izan ahal dira azken judizioaren egunean. Zentzu horretan, Jesusen sendikoak izaten dira gurtuenak eta, batez ere, Andra Maria, bere deitura guztiekin. Horixe da La Mellako ermitaren kasua, Andra Mariaren Jasokundearen izenpeko baitago. Usadio kristauaren arabera, Andra Maria zerura arima eta gorputz igoarazi zutela ekartzen du gogora Jasokundeak.

San Antonio Paduakoaren izenpeko ere badago ermita; izan ere, bere sortzaileak, Antonio Urrutiak, santu izenkidea aukeratu zuen ermitarako. San Antonio Paduakoa XIII. mendeko  fraide sermolaria eta teologoa izan zen, Portugaleko aristokrata-familia batekoa. Monje agustindarra ordenatu zen Coimbran; ostera, frantziskotarren abitua hartu zuen. San Frantzisko Asiskoa bera ezagutu zuen; horrek, Antonioren sermolari-gaitasuna ikusita, fraideei teologia irakastea agindu zion. San Frantziskok berak ere beste agindu hau eman zion: Frantziara joateko, heresia kataroari aurre egitearren. Bere bizitzan zehar, sermolari ospe handia lortu zuen Antoniok: garai hartako gizarteriaren gaiztakeriak salatu zituen, batez ere diruzalekeria eta lurrukeria. Paduan hil zen 1235. urtean, hogeita hamabost urte zituela, eta hurrengo urtean santu aitortu zuten.

Gizon gazte baten itxuraz irudikatu ohi dute, frantziskotarren abituaz jantzita –abitu marroia, hiru korapilodun sokazko gerrikoa ¬(pobretasun-, obedientzia- eta kastitate-botoak adierazten dituzte korapilo horiek) eta sandaliak–, eta tontsura buruan; hau da, burugaineko ilea moztuta. Sarritan, Jesus Haurra darama besoetan, egozten dioten mirarietako baten oroigarri: Frantziara zihoalarik, Ama Birjina agertu zitzaion bere gelan eta Haurra eman zion, besoetan eduki zezan. Normalean, lirioa ere badarama, bere araztasunaren, sagaratzearen eta birjintasunezko amodioaren ikurra. Halaber, txiroei ogia ematen dielarik irudikatzen dute margolan eta eskultura askotan; izan ere, San Frantzisko Asiskoaren ikasbideei jarraituz, frantziskotarren despentsa husten omen zuen jakiak behartsuen artean banatzeko.

OHITURA ETA ERRITUAK

San Antonio Paduakoaren egunean, ekainak 13, meza eman eta erromeria egiten zen.

ERAIKINA

Bizkaiko hilobi-ermita bakanetakoa da. Cadagua ibaiaren alboan mailoen artean dagoen sakonune batean dago; izan ere, bere gaztelerazko izena (La Mella) mailo horietatik dator.

Urrutiatarrak hor finkatu ziren, XVI. erdira aldera, eta maiorazkoa fundatu zuen, jauregia, ermita, hiru burdinola, errota eta beste ondasun batzuk barne. Antonio Urrutia Salazarrek eta Jeronima Atxuriaga Murga-Loizagak (Urrutia etxeko zazpigarren jaun-andereek) eman zuten familiaren hilobi-kapera (hau da, ermita) eraikitzeko agindua, 1673an. Simon Urrutia Ermu, etxeko azken premua, hil zenean, 1889. urtean, kapilautza desagertu zen.

Ermitak oinplano angeluzuzena eta harlangaitz-hormak dauzka; aurrealdea, ordea, harlanduzkoa da. Gotiko itxurazko ganga batek, apaindutako giltzarriak dituenak estaltzen du nabea.

Aurreko fatxadak erdi-arkuko ate zabala dauka, forjatutako burdin sare batek zarratuta. Ate horretan zehar, Urrutiarrek meza entzuten zuten ermita aurrean dagoen beren jauregiko balkoitik. Familiaren armarria dago atearen gainean, lehoi bik eutsia. Ermitaren gainean kanpai-horma dago eta hor Jasokundearen harrizko irudia; usadioak dioenez, Jeronima anderea bera izan zen Ama Birjinaren modeloa.

Ermitaren barrualdea oso hondatuta dago. Barruan hiru hilarri daude, bai eta ermitako fundatzailearen zenotafioa ere; hor, bere harrizko erretratua egon zen. Horma hobia da, pilastrek inguratuta eta triangelu-formako frontoi hautsia gainean daukana. Bere oinarrian, inskripzioa hau dago: “DON ANTONIO DE VRVTIA SALAÇAR CABALLERO DE LA ORDEN DE SANTIAGO” “Antonio Urrutia Salazar jauna, Done Jakueren ordenako zalduna”.

Antonio Urrutia jaunaren hilobi-monumentua, hareharriz zizelkatua. Egun Enkarterrietako Museoan dago.
Andra Mariaren Jasokundea eta San Antonio Paduakoa
Antonio Urrutia jaunaren hilobi-monumentua, hareharriz zizelkatua. Egun Enkarterrietako Museoan dago.
Hareharriz zizelkatutako gurutzea, Antonio Urrutiaren hilobi-monumentukoa.
Andra Mariaren Jasokundea eta San Antonio Paduakoa
Hareharriz zizelkatutako gurutzea, Antonio Urrutiaren hilobi-monumentukoa.
Antonio Urrutiaren irudia errealismo handikoa da
Andra Mariaren Jasokundea eta San Antonio Paduakoa
Antonio Urrutiaren irudia errealismo handikoa da
Zaldunaren jantzien ezaugarri bat
Andra Mariaren Jasokundea eta San Antonio Paduakoa
Zaldunaren jantzien ezaugarri bat
Antonio Urrutiaren kapela belaunaulkiaren gainean dago
Andra Mariaren Jasokundea eta San Antonio Paduakoa
Antonio Urrutiaren kapela belaunaulkiaren gainean dago
HORNIDURA

Aldare buru zegoen hiru lerroko eta pisu biko erretaula barrokoa (sei irudi zeuzkana, San Antonio erdian) suntsitu zuten eta leku ezezagun batean dago gaur egun.

Ermitako ezaugarririk nabarmenena Antonio Urrutia jaunaren hilobi-monumentua da, egun Enkarterrietako Museoan dagoena. Ermitako fundatzailea bizirik balego bezala irudikatu dute, bere bizitzan ohikoa zen zerbait egiten duelarik: otoitz egiten duelarik. Hareharriz zizelkatutako eskultura da, zalduna otoizlari, kuxin baten gainean belauniko eta eskuak elkarri lotuta. Hasiera batean, hilobiaren estrukturari lotuta dagoen gurutzeari zegoen so; baina gaur egun gurutze hori ermitan dago. Xehetasun handiz irudikatu dute Antonio Urrutia: ile-kiribilak sorbaldaren gainean, bibotea… XVII. mendeko arropak janzten ditu: jantziak eta ezaugarri guztiak errealismo handikoak dira. Bere aurrean belaunaulkia dago eta hor jarrita zaldunaren eskularruak eta kapela.